Industriaren prezioak %1,1 igo ziren Euskadin joan den otsailean

Industriaren prezioak gora otsailean
Europa Press
Actualizado: viernes, 22 marzo 2013 13:11

BILBO, 22 Mar. (EUIROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioak %1,1 igo ziren joan den otsailean, aurreko hilaren aldean. Datu horiek kontuan hartuta, otsaileko urte arteko tasa (azken 12 hilabeteetan industriaren prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duena) %0,8 gehitu da, Eustaten datuen arabera.

Sektorekako azterketa xeheagoaren arabera, joan den otsailean, Kokeriak eta petrolio-fintzea (%4,1), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%1,8) eta Metalurgia eta metalezko produktuak (%1,3) adarrek gehitu zituzten gehien prezioak aurreko hilaren aldean, besteak beste. Prezioetan jaitsierak izan zituzten Ehungintza, larrugintza eta zapatagintza (%-2,2), Industria kimikoa (%-1,2) eta Farmazia produktuen fabrikazioa (%-0,6).

Urte arteko aldian, hots, 2013ko otsailean 2012koaren aldean, prezio-hazkunderik handienak Elikagintza-industriak, edariak eta tabakoa (%3,5), Altzariak eta beste manufaktura industriak (%2,9) eta Kokeriak eta petrolio-fintzea (%2,7) adarrek izan dituzte. Bestalde, prezioetan jaitsierak izan dituzte Erauzketa industriak (%-2,1), Zurgintza, papera eta arte grafikoak (%-1,6) eta Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (%-0,8) sektoreek.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, otsailean, sektore-talde handien prezioen bilakaerak goranzkoak izan ziren denetan. Energiaren prezioak %3,4 igo ziren, Bitarteko ondasunenak %0,7, Ekipo-ondasunenak %0,4 eta Kontsumo-ondasunenak %0,1; azken horien barruan, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak %0,2 igo eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrenak berdin mantendu ziren.

Ondasun-talde handi hauen prezioen aldakuntzak urte artean ezberdinak izan dira. Energiaren prezioak %1,3 igo dira, eta Ekipo-Ondasunenak %1,8 igo; Bitarteko ondasunenak %0,2 jaitsi dira eta Kontsumo-ondasunenak %2,0 igo; azken horien barruan, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak %0,4 igo ziren, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrenak %2,5.