Iñigo Gogoan ekimenak 20.000tik gora sinadura bildu ditu neurriak exijituz

Herri ekimenak bildutako 20.000 sinadurak
Foto: IÑIGO GOGOAN
Actualizado: viernes, 10 enero 2014 16:02

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Cabacas gaztearen senide eta adiskideek sorturiko Iñigo Gogoan herri ekimenak azken hilabetean buruturiko sinadura bilketaren balorazioa egin du. Horrela, 20.000 pertsona baino gehiagok ekimena babestu dutela jakinarazi dute herri ekimeneko kideek, "Ertzaintzako buru nagusiaren izendapen berria atzera botatzeko eta Iñigo Cabacas Liceranzu hil zuen operatiboaren erantzule guztien zereginak behin behinean eteteko" exijituz.

   Helburua bete eta aurreikusitako 10.000 sinaduren kopurua hilabete bakarrean bikoiztu dela kontuan izanik, ekimenak publikoki eskertu nahi izan die beren parte hartzea sinatu duten pertsona orori. "Honek guztiak Iñigoren kasuan justizia eta neurri zehatzen exijentziak duen oihartzun sendoa erakusten du. Gainera, jakin badakigu sinatzaileen artean ideologia eta alderdi ezberdinetako pertsonak, pertsonaia publikoak, eliteko futbolistak edo ertzainak egon badudela", adierazi dute.

   Horrekin batera, sinadurak eskura eman eta exijentziak aurrez aurre aurkezteko asmoz, "premiazko bilerak" eskatu dituzte Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin eta Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordearekin. "Lehenbailehen egitea espero dugu. Izan ere, bigarren urteurrenera hurbiltzen ari gara eta denbora pasak kalteak besterik ez ditu eragiten kasua argitu eta justizia ahalbidetzeko bidean", gaineratu dute.

   Azkenik, pertsona eta gizarte mugimendu oro gonbidatu dituzte urtarrilaren 22ko arratsaldeko 19:00etan Bilboko Zirika Gunean egingo den asanblada irekian parte hartzera.