Internet bidezko eskola jazarpena saihestu eta murrizteko programa bat sortu du EHUko talde batek

Maite Garaigordobil EHUko katedraduna da taldeko buru
Foto: EHU
Actualizado: martes, 16 diciembre 2014 13:15
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Maite Garaigordobil Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ebaluazio Psikologikoko katedradunak zuzendutako taldeak Internet bidezko eskola jazarpena saihesteko eta murrizteko programa bat sortu du: Cyberprogram 2.0. Taldeak hainbat urte eman ditu ikasgeletan lan egiten, handitzen doan arazo hori ebaluatu eta aztertzeko, eta ikerketa horren ondorioz esku hartzeko programa sortu du.

   Programa hori aurreko ikasturtean ezarri zen Gipuzkoako hiru ikastetxetan, eta guztira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 13 eta 15 urte arteko 176 nerabek parte hartu zuten, EHUko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

   Lagin osotik 93 parte hartzaile bost talde esperimentaletan banatu eta beste 83k lau kontrol talde osatu zituzten. Ebaluazio esperimentalean lortutako emaitzek egiaztatu dute Cyberprogram 2.0 "tresna eraginkorra" dela berdinkideen arteko edozein motako indarkeria saihestu eta murrizteko.

   Horrela, esperientzia gauzatu ez duten nerabeen aldean, egiaztatu da hori egin dutenen artean bai 'aurrez aurreko' bai Internet bidezko eskola jazarpeneko erasotzaileen ehunekoa txikitu dela eta jokabide sozial positiboak, enpatia edo autoestimua handitu direla.

   "Programa horren bidez, neurri handian landu ditugu horiekin biktimenganako enpatiaren gaia eta behatzaileek egoera horiek salatzeko daukaten gaitasuna. Berdinkideen arteko edozein motako indarkeria ikusten duen pertsona mugiarazten saiatzen gara, isilik gera ez dadin eta egoera salatu dezan, helduok jardun ahal izateko. Horiekin lan egiten dugu, salatzen duena, txibatoa gabe, ikaskide solidarioa dela konturatu daitezen. Baina asko beldur dira, eta isildu egiten dira", azaldu du Maite Garaigordobilek.

   Programa Garaigordobil irakaslearen taldeak bi ikasturtetan (2011-2013) egindako azterlanean oinarritzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetan zein pribatuetan DBH eta Batxilergoa egiten zituzten 12 eta 18 urte arteko 3.026 ikaslek parte hartu zuten.

   Ikerketak 'aurrez aurreko' lau jazarpen mota (fisikoa, ahozkoa, soziala eta psikologikoa) eta Internet bidezko eskola jazarpeneko 15 jokabide (pasahitza lapurtzea, norbaiten lekua hartzea, dei eta mezu iraingarriak) ebaluatzen zituen.

   Lortutako datuek adierazten dute azken urtean gazteen %83,7k eskola jazarpeneko egoeretan esku hartu dutela: horietatik %39,2 biktimak ziren, %38,4 erasotzaileak eta %79,5 behatzaileak. Halaber, ikerketak jakinarazi du hiru biktimako bi erasotzaileak zirela. Internet bidezko eskola jazarpenari dagokionez, azterlanak adierazi zuen gazteen %69,8k Internet bidezko eskola jazarpeneko egoeretan nolabait esku hartzen zutela: %30,3 biktimak, %15,5 erasotzaileak eta %65,1 behatzaileak. Halaber, egiaztatu da hiru biktimako bat erasotzailea zela.

   "Gizarteak ez die erantzun egokia ematen egoera horiei. Kasu bat antzematen denean, askotan biktimak dira ikastetxetik alde egin behar dutenak, ez baita lortzen arazoa konpontzea. Eskola jazarpeneko eta eskola jazarpenaren aurkako protokolo eta prozedura asko daude, baina, egia esan, ez da lortzen indarkeriazko jarrerak gutxitzea, ezta behatzaileek salatzea ere", azaldu du.

"DENAK GALTZAILE"

   Horrela, "mezu bat" helarazi die erasotzaileen eta behatzaileen gurasoei: "Beren seme-alabek ere ondorio negatiboak jasotzen dituzte, egoera horietan parte hartzea oso kaltegarria baita nortasuna garatzeko. Denak dira galtzaile".

   Kasu horietan, funtsezkoa da familiaren eta eskolaren arteko lankidetza. Ikasgeletan prebentzioa garrantzitsua bada ere, familia "funtsezkoa" dela azpimarratu du, "giza garapenean lehen mailako sozializazio eremu garrantzitsuena baita".

   "Erasotzaile baten gurasoek biktimari eragindako kaltea konpontzen lagundu behar diote, eta ez dute esan behar jokabide desegoki hori 'umeen kontuak' direnik. Azterlan honetan egiaztatu dugu seme-alabekiko afektibitate, maitasun eta konpromiso handien eta arrazoizko zigor, diziplina eta hertsaduraren nahasketa heziketa eredu egokiena dela; izan ere, erasotzaile gazteen familietan maitasun, afektibitate eta seme-alaben bizitzarekiko konpromiso urriak eta batzuetan zigor asko daudela ikusi dugu", gaineratu du.

   Gaur egun, Maite Garaigordobil irakaslearen taldea 10 eta 12 urte arteko gazteen arteko eskola jazarpena eta Internet bidezko eskola jazarpena aztertu, eta horiei buruzko datuak biltzen ari da.