Interneten euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena sinatu dute EHUk eta PuntuEUS Fundazioak

Hitzarmena EHUren eta PuntuEUS Fundazioaren artean
PUNTUEUS
Actualizado: lunes, 16 octubre 2017 11:56

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta PuntuEUS Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Interneten euskararen erabilera bultzatzeko. Bi erakundeen arteko akordioaren helburua da .eus domeinuaren erabilera bultzatzea EHUko ikasleen eta langileen artean, baita EHUAlumni ikasle ohien elkarteko kideen artean ere.

Hala, akordioaren onuradunek baldintza abantailatsuak izango dituzte beren proiektu eta jardueretarako mota honetako domeinu bat bere egiten dutenean. EHUko errektore Nekane Balluerkak eta PuntuEUS Fundazioko zuzendari nagusi Josu Waliñok sinatu dute hitzarmena.

Hain zuzen, ikasleen kasuan, .eus domeinuak dohainik erabili ahal izango dituzte EHUko ikasle diren bitartean, domeinu hori erabil dezaten ikasketa proiektuetarako, blog pertsonaletarako edo aisiarako irekitzen dituzten web orrietan.

Bestalde, akordioaren emaitza gisa, EHUko langileek eta EHUAlumni elkarteko kideek oso baldintza abantailatsuak izango dituzte beren jarduerei lotutako mota honetako domeinu bat bere egitean. Hala, .eus domeinuko izenak %25eko deskontuarekin erregistratu ahal izango dituzte.