Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko proiektu berria aurkeztu dute

Lau erakundeotako arduradunak
PUNTUEUS
Actualizado: martes, 16 mayo 2017 13:32

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax, Ikastolen Elkartea eta Kontseilua erakundeek "Interneten ere, lehen hitza euskaraz" lankidetza proiektua aurkeztu dute astearte honetan, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Eneko Astigarraga CodeSyntaxeko kudeatzaileak, Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia prentsa agerraldia egin dute astearte honetan Donostian kanpaina aurkezteko.

Aurkezpenean azaldu dutenez, gaur egun, webgune batean sartzen garenean erakusten zaigun edukia, gehienetan, nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da, bestela, berriz, erdaraz.

Panorama "kezkagarria" dela nabarmendu dute. Horrela, lantalde honek sarean egin dituen neurketen arabera, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, "oso kopuru txikia da". Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

Horrela, euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko. Horregatik, nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatuko dute aipatutako erakundeek.

Kanpaina erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzenduko zaie. Alde batetik, sustatzaileek erabiltzaileak gonbidatu dituzte nabigatzailea eta mugikorra euskaratzera. "Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari", azaldu dute.

Aldaketa errazteko bi baliabide sortu dituzte: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa, mugikorrak onartzen duen kasuetan.

UNITATE DIDAKTIKOA

Horrez gain, haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzearekin batera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea da helburua, eta horretarako, "Interneten ere, lehen hitza euskaraz" unitate didaktikoa prestatu da. Unitate didaktiko hori Ikastolen Elkarteko ikastoletan landu dezaten bultzatuko da, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabiltzera animatu dituzte antolatzaileek.

Beste alde batetik, webguneen arduradunei ere euskara lehenesteko deia egin diete kanpainaren sustatzaileek, hau da, haien webguneek defektuz lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cookien
esku utzi beharrean. "Izan ere, sarri erabiltzaileek ez dute erabaki konszienterik hartzen, ez dituzte gailuen hizkuntzak konfiguratzen. Eta, erakunde eta enpresen ardura ere bada haien webguneek ematen duten lehen hizkuntza definitzea", azaldu dute.

"Interneten ere, lehen hitza euskaraz" egitasmoa asteazkenean aurkeztuko zaio gizarteari, Euskarazko Interneten Egunean. Izan ere, maiatzaren 17an, Nazioarteko Interneten Egunean, komunitateak Euskarazko Interneten Eguna ospatuko du bigarren urtez jarraian. Aurten, Azpeitian ospatuko da, PuntuEUS Fundazioak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak antolatuta.

Internet egunaren helburua eguna ospatzea eta euskarazko Interneten sustapenean eragitea izango da, beti ere, festa giroan. Festa girotzen izango dira Miren Gaztañaga aktorea eta Xabi Solano eta DZ musikariak. Beste sorpresa asko ere izango dira. Azpeitiko San Agustin Kulturgunean da hitzordua, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.