Interneten "hobeto eta seguruago saltzeko" bi orduko ikastaroak autonomo eta mikroenpresentzat

Interneten saltzeko ikastaroak autonomoentzat
PEXELS
Actualizado: miércoles, 29 julio 2020 14:00

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, SPRI enpresa garapenerako agentziaren bitartez, bi orduko ikastaro trinkoak eskainiko dizkie aurten ere autonomo eta mikroenpresei, Internetek eskaintzen dituen tresnak ezagutu ditzaten eta, bide horretatik, sarearen bidezko salmentak hobetzeko. Mikroenpresa Digitala Prestakuntza programak konpainia txikien kolektibo horri helaraziko dizkio informazio teknologien onurak, eta aukera emango die salmentak hobetzeko eta bezeroekin dituzten harremanak pertsonalizatzeko.

Mikroenpresa Digitala Prestakuntza programaren eskaintza katalago batean jasota dago. Katalogoa eskura dago spri.eus/euskadinnova atarian, eta bertan labur-labur adierazten da zeintzuk diren negozio txikietan azkar aplika daitezkeen gaiak. Ikastaroen artean aipatzekoak dira sare sozialen erabilera eta aprobetxamenduari buruzkoak, esaterako bideomarketina, linkedin eta Instagram. 2017rako nobedade horiez gain, badira ikastaro aurreratuak ere, hala nola datuen babesa eta tratamentua, datuen analisia eta erabilera gomendioei buruzkoak.

Arduradunek jakinarazi dutenez, programa bereziki diseinatuta dago prestakuntza erabat praktikoa, trinkoa eta doakoa izateko. Oro har, ordutegi komertzialetik kanpo egiten da, autonomoek eta mikroenpresek parte hartzea posible izan dezaten. Jaurlaritzak udalekin elkarlanean kudeatzen dituen edozein Kzguneetan eman daiteke.

2016KO BALANTZEA

Mikroenpresa Digitala Prestakuntza programaren 2016ko edizioan 2.696 profesionalek parte hartu zuten antolaturiko 479 ikastarotan. Eskatzen diren ezagupenei dagokienez, gero eta eskabide handiagoa dute marketin digitaleko tresnek eta tresna horiek negozioan optimizatzeko sistemek. Aitzitik, sarearen erabilera generiko eta dibulgatzaileek ez daukate horrenbesteko eskabiderik.

"Ondorio horrek erakusten digu kolektiboa helduagoa dela, hobeto ezagutzen dituela aukera digitalak, eta baduela nahikoa irizpide bere helburu komertzialen araberako tresnak aukeratzeko", azaldu dute.

Autonomo eta mikroenpresentzako arlo digitaleko eskaintzaren osagarri, SPRIk beste jarduera batzuk dauzka martxan, Enpresa Digitala ekimenaren bidez eskura daudenak, hala nola Barnetegi Teknologikoa, Inplantalariak programa eta aldian behin hiru lurraldeetan egiten diren jardunaldi eta tailer ugariak.