Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak eskalada eta abentura uztartuko dituzte Groenlandian eta Antartikan

Actualizado: lunes, 2 mayo 2011 15:38

BILBO, 2 May. (EUROPA PRESS) -

BAT Basque Team-en babespean diharduten Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza euskal mendizaleak azken ukituak ematen ari zaizkie Groenlandiara eta Antartikara eramango dituen Naturgas/BBK Transantartika 2011 izeneko proiektu berriari. Oraingo honetan, abentura gaineratu diote eskaladaren kirol erronkari: muturreko tenperaturen azpian egingo dituzten izotz gaineko bi zeharkaldiek 6.000 kilometroko guztizko luzera izango dute, eta horretarako, 200 kilo inguruko lerak eramango dituzte arrastaka, haizearen laguntza bakarraz.

Kirol erronketan berrikuntza bultzatzearen aldeko konpromisoari jarraiki, oraingo honetan, desafio aparta eta arriskuz betea gainditu beharko dute hiru mendizaleek. Lehenik eta behin, Groenlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen ahaleginduko dira, 2.000 metroko altitudea duen goi-lautada batean barna eta zero azpiko 30 graduko batez besteko tenperaturei aurre eginez.

Azaroan, planetako kontinenterik latzena zeharkatuko dute arraste-kometen laguntzaz, Hego Polora iritsi, bertako mendirik garaiena igo eta altueran nahiz harkaitzetan zailtasun tekniko handiko eskalada desberdinak egiteko asmoz.

Proiektuaren berezko zailtasunen haritik, behar-beharrezkoa da aldez aurretik prestakuntza egokia egitea, eta horretan jardun dute azken aldi honetan Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak Norvegia aldean. Han, 'snowkite' kirola praktikatzeko lekurik egokienetakotzat jotzen den Hardangervidda ordokian, bakoitzak izotz gainean irristatzeko erabiliko dituen 15na metro koadroko lau kometak erabiltzeko teknika hobetzen ahalegindu dira.

BAT Basque Team-en mendizale-taldeak bigarren faseari ekin behar dio orain, Antartikan azaroan aurkituko dituzten baldintza bertsuetan. Astelehenean, Groenlandia aldera abiatuko dira, eta 40 egunen buruan, 2.300 kilometroko zeharkaldia egiten ahaleginduko dira. Zirkulu Polar Artikoan, 2.000 metroko altitudean kokatutako goi-ordoki horretako baldintza klimatologiko ezin gogorrez gain, zero azpiko 30 gradu inguruko tenperaturak barne, espediziokideek bestelako arriskuak ere aurreikusi beharko dituzte, hala nola, uhartearen Iparraldean ager daitezkeen hartzen presentzia.

Animalia horiei atxikitako arriskuari aurre egitearren, bertako legediak gutxienez errifle batez hornituta ibiltzera behartzen ditu. Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza egunero ehun bat kilometro egiten saiatuko dira, erdiko ordokira igotzeko eta handik jaisteko tarteetan aurkituko dituzten zailtasunei aurre eginez. Gogoan izana behar da, inguru horretako aldapetan arrakalak eta glaziareetatik askatutako izotz-bloke handiak ager daitezkeela.

BIGARREN FASEA

Bigarren fasea azaroan hasiko da, uda australaren iritsierarekin batera, eta 70 egun inguru iraungo du aurreikuspenen arabera. Espedizio honen ezaugarri nagusia ez da izango igoeren zailtasuna, baizik eta igoera horiek egiteko gainditu beharko dituzten muturreko baldintza meteorologikoak.

Behin-betiko ibilbidea oraindik zehaztu gabe dagoen arren, mendizaleak altuerako igoeraren bat egiten ahaleginduko dira, ez zortzimilako batek dakartzan zailtasun teknikoak gainditzeko, baizik eta zero azpiko 40 gradu inguruko tenperaturetan desafioa gainditzeko asmoz.

Bestalde, ibilbidearen lehendabiziko etapetan, espediziokideek "Maud Erreginaren Lurraldea" deritzon eskualdea zeharkatuko dute, Antartikako harkaitz-formaziorik ikusgarrienetako batzuk tarteko direla. Zailtasun teknikoen gainetik, bertako gailurren bat igotzen ere ahaleginduko dira.

Naturgas/BBK Transantartika 2011 da Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak 2009tik eta BAT Basque Team-en babespean egingo duten elkarren arteko laugarren proiektua.