Ioannis Bourousis, Endesa Ligako urtarrileko MVP

Bourousis, urtarrileko MVP
BASKONIA
Actualizado: martes, 2 febrero 2016 14:02

   GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

   Ioannis Bourousis Laboral Kutxa Baskoniako pibot greziarra Endesa Ligako urtarrileko MVP izendatu dute, batez beste 24,75 puntuko balorazioa lortu eta jardunaldiko jokalari onena birritan izendatua izan ondoren. Jokalari greziarrrak bigarren hilez jarraian eskuratu du izendapena, abenduan ere izendatu baitzuten.

   MoraBanc Andorraren aurka 26 puntu, 6 asistentzia eta 40 puntuko balorazioa lortu zituen, taldea garaipenera eramanez eta bosgarren aldiz jardunaldiko jokalari onenaren izendapena eskuratuz, Endesa Ligako lehen itzuli batean aurretik inork lortu ez duena.

   Real Madrilen aurka 37 puntuko balorazioa lortu zuen pibot greziarrak. Baskoniarentzat garaipen berri bat izan zen, eta Bourousisentzat urtarrileko lehen banakako aintzatespena, 26 minutu jokatuz 24 puntu, 8 errebote, 3 balio berreskuratu eta tapoi bat lortu baitzituen.

   Urtarrileko partidarik "eskasena" Joventuten aurka jokatu zuen Kraditsan jaiotako jokalariak, taldeak irabazi arren, 10 puntuko balorazioa besterik ez baitzuen lortu, 11 puntu, 5 errebote eta asistentzia batekin.

   Azkenik, joan den asteburuan jokaturiko Liga erregularreko bigarren itzuliko lehen jardunaldian, UCAM Murtziaren aurka galdu zuen talde gasteiztarrak, eta pibot greziarrak 13 puntu, 8 errebote eta 12 puntuko balorazioa lortu zituen.

   Bourousis "pozik" agertu da izendapenarekin, "batez ere hil oso ona izan delako guretzat eta konfiantzarekin gaudelako". Bere jokoak taldeari lau garaipen lortzen lagundu diola aitortu du, eta, hori dela eta, oso ondo sentitzen dela, "banakako estatistiketatik haratago, hori delako garrantzitsuena".

   Jokalari greziarrak ziurtatu du talde osoa dela bere joko onaren erantzulea, eta entrenatzaileari eta taldeko kideei eskertu die, "talde osoaren saria delako". Azkenik, bereziki Toko Sengheliari dedikatu dio saria, hilabete bajan egongo delako belauneko lesio bategatik.