Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko 1,6 milioi euro bideratuko dute EEPk eta Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 31 marzo 2015 17:02

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

   Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2015. urterako 1.600.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak, alde bien ekarpenez. Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 400.000 euro ipiniko ditu horretarako.

   Hala jakinarazi dute Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta François Maïtia Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak, 2011-2016 aldiari dagokion hitzarmen markoaren urteko eranskinaren aurkezpenean, Baionan.

   Eranskin horretan zehazten da bi erakundeek 2015ean elkarlanerako zein lan ildo garatuko dituzten hizkuntza politikari dagokionean, bai eta Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko eragileen proiektuak diruz nola lagunduko diren ere. Ekitaldira Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue ere hurbildu da.

   Horrela, 2015eko eranskinak, bi instituzioen artean urtean zehar eramango den lankidetza eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldeko eragileei zuzendutako diru laguntzak emateko moduak zehazten ditu.

   Zehazki, helduen euskalduntze alfabetatzearen esparruan, hizkuntza gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetza definituko eta antolatuko dute, eta helduen euskalduntzearen eremuan gaur egun dauden tresna desberdinak aztertuko dituzte, existitzen diren praktika eta dispositiboen diagnosia eginez. Halaber, 2015ean Euskararen Adierazle Sistema (EAS) eraikitzeko haren ezaugarriak finduko dituzte bi erakundeek.

   Gainera, bi erakundeen zerbitzuen artean informazioa elkartrukatuko da. Izan ere, ekoizpen eta baieztapen linguistikoen arloan, Ipar Euskal Herrian euskaraz ekoizten duten profesionalek (EEPko teknikariak, euskara teknikari garatzaileak, hedabideetako profesionalak, irakasleak eta abar), hainbat tresna eta hizkuntza baliabide beharrezkoak dituzte euskarazko edukiak ekoizteko eta haien baieztapen linguistikoak ziurtatzeko. HABE Liburutegiari dagokionez, Euskararen Erakunde Publikoan diharduten teknikarien dokumentu hornitzaile izaten jarraituko du.

DIRU FUNTSA

   Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2015. urterako 1.600.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, alde bien ekarpenez. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 400.000 euro ipiniko ditu horretarako.

   Lankidetza funts hori bi multzotan banatuko da. Lehen multzoa, 1.280.000 eurokoa, lankidetza zuzenerako bideratuko da: bi erakunde sinatzaileen sustapen lerroekin bat datozen eragile nagusiak laguntza zuzenarekin diruz lagunduko dira. Beste multzoa, 320.000 eurokoa, deialdi irekietarako izango da. Deialdi honen bitartez, euskara sustatzeko helburu duten proiektuak diruz lagunduko dira Ipar Euskal Herrian.