Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia areagotzeko hitzarmena

HItzarmen marko berria sinatzen
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 16 febrero 2017 14:04

   BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2017-2022 epealdirako hitzarmen marko berria sinatu dute ostegun honetan, Baionan, Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin. EEPren izenean Mathieu Berge lehendakariak sinatu du akordioa, eta Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.

   Sinatu ostean, Urrutiak adierazi du hitzarmenak euskararentzat "abagune berriak" ekarriko dituela Ipar Euskal Herrian. "Bestelako pausoa da Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortzeko. Jada egina da hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroan, eta oraintxe dator Iparraldearen orena", adierazi du.

   Euskaltzainburuak bi erakundeen arteko elkarlanaren helburuak ere aipatu ditu. "Batetik, hitzarmen honekin euskal lanak sustatu nahi ditugu, eta, bestetik, euskararen presentzia indartu nahi dugu bizitza publikoan eta jendaurreko jardunean", azaldu du.

   Bergek erakunde bien arteko aspaldiko lankidetza gogoratu du, eta etorkizuneko erronkak aipatu ditu. Bere hitzetan, "plazer bat da hitzarmen hau sinatzea, niretzat azkena izango dena, Euskal Elkargoarekin aldaketa handien garaian baikaude Ipar Euskal Herrian. Euskal Elkargoarekin aldaketak datoz, Herriko Etxeek euskararen eskumenak haren esku utzi ahal dituzte, baina, era berean, herriek mantendu behar dute euskararen aldeko ekimenak egiteko gaitasun hori".

   Hitzarmen marko berriak bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatu. Horrez gain, itun berriak aitortza ere badakar, EEPk hizkuntza arauak ezartzearen ondorioetarako Akademia erakunde aholkuemaile ofizial bezala onartzen baitu, 2008tik egin izan duen moduan.

LAN LERRO NAGUSIAK

   Ondorengo sei urteetako partaidetzaren lan lerro nagusiak urtero eranskin edo gehigarri batean zehaztuko dira. Horrela, Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriari dagozkion argitalpenak segurtatuko ditu, hala nola lurraldeko gaiak, idazle batzuen idazlan ala antologia batzuen argitaratzeak.

   Halaber, hizkuntza jarduera proiektuaren deialdian aurkeztutako argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egingo du Akademiak, eta toponimoen grafia egokiari buruz EEPk egiten dituen galderak erantzungo ditu.

   Gainera, EEPk Euskaltzaindiak emandako arauak beteko ditu eta Akademia Ipar Euskal Herriko gizarte bizitzan indartu dadin eta honen lana ezagutarazteko ahaleginak egingo ditu. Era berean, EEP ahaleginduko da Euskaltzaindiak euskara batuaren alorrean egindako lana zabaltzen eta hedatzen, teknologiak eskaintzen dituen bide berriak erabiliz.

   2008ko urtarrilaren 24an izenpetu zuten Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lehen hitzarmen markoa, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko baliagarria izan zena. Bigarrena, 2014ko maiatzaren 20an sinatu zuten. Bestalde, hitzarmen orokorrari lotutako urteko gehigarri bat izenpetu izan da urtero, azkena, 2016ko uztailean. Hitzarmen markoen jarraipenean eta azken urteetan burututako lanen balorazio baikorra egin ostean, indarrean den partaidetza egonkortzeko nahikaria berretsi dute bi partaideek 2017-2022 epealdirako.