Ipar Kutxa eta Ofyde aholkularitza-enpresa elkarlanean ariko dira ETEtan berrikuntza sustatuko duten ekintzak gauzatzeko

Actualizado: lunes, 28 febrero 2011 12:59

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ipar Kutxa kreditu-kooperatibak eta Ofyde aholkularitza-enpresak hitzarmen bat sinatu dute, eta bi erakundeek elkarlanean jardungo dute 2011. urte osoan, enpresa txiki eta ertainen (ETE) artean berrikuntza sustatzea xede duen jarduera-egitarau zabala gauzatzeko asmoz, Ipar Kutxako iturriek jakinarazi dutenez.

IMC (Innovation Meeting Club) izendapen orokorraren baitan antolatuko diren jardunaldi, topaketa eta mahai-inguruen bitartez, tamaina ertain eta txikiko enpresentzat garrantzi handikoak diren ezagutzaren transferentzia eta negozioa dibertsifikatzeko prozesuak bezalako gaiak aztertuko dira. Horrekin batera, enpresa-lankidetzarako ideiarik onena saritzeko lehiaketa antolatuko da.

Programan aurreikusitako ekintzetako batzuk eginda daude dagoeneko. Horrela, otsailaren 18an, ezagutzaren prestakuntza eta igorpenari buruzko berrikuntza-prestakuntza jardunaldia egin zen, 50 bat enpresatako ordezkarien partaidetzarekin. Topaketa Ipar Kutxak Bilbon duen egoitzan antolatu zen, eta bertan bildutako hizlarien artean, Scott Markhan (IC Prestakuntza), Jesus Romo (UPVko campus birtualeko zuzendaria) eta Fagor enpresako ordezkari baten partehartzea nabarmendu behar da. Batzuek nahiz besteek proiektu berritzaileak sortu eta garatzeko orduan izandako esperientzia desberdinak azaldu zituzten.

Bestalde, luze gabe, "Enpresa-Lankidetzarako ideiarik onenarentzako I. IMC-Ipar Kutxa Saria" aurkeztuko da, teknologia zentroetan, enpresa-haztegietako enpresetan, tokiko garapen-agentzietan, berrikuntza-enpresetan eta bestelakoetan lan egiten duten aholkulari eta teknologoei zuzenduta. Sariak, berrikuntza munduarekin zerikusi zuzena duten pertsonek osatutako epaimahai batek banatuko ditu, Merkataritza Ganbera, Innobasque eta Teknikerreko ordezkarien partaidetzarekin.

Apirilaren bigarren asterako, teknologia zentro batekin antolatutako jardunaldi bat izango da, berrikuntza-prestakuntza jardunaldiaren formatu antzekoa, enpresei zuzendutakoa. Ondoren, negozioa dibertsifikatzeko prozesuei buruzko agerraldia eta mahai-ingurua antolatuko dira. Bertan, hizlari ospetsu batek eskainitako hitzaldiaren ondoren, eztabaida egingo da bertaratutakoen artean.