Ipar Kutxak eta Bankoa-Credit Agricolek integraziorako prozesua jarri dute abian

Actualizado: martes, 31 mayo 2011 18:53

BILBO, 31 May. (EUROPA PRESS) -

Credit Agricole Mutuel Pyrenees Gascogne, Ipar Kutxa Rural, E. Koop. eta Bankoa E.A.ko administrazio organoek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duten banku-negozioa integratzeko itun protokoloa sinatu dute. Protokolo honetan, aipatu itunaren oinarri eta printzipio politikoak onartu dituzte.

Bi kreditu kooperatiben arteko elkar ulertzetik sortzen den egitasmo honekin, gero eta zorrotzagoa den ingurunearen eskakizunei "tamaina, indar eta eraginkortasun handiagoz erantzuteko entitatea eratu nahi da".

Egitasmo berritzailea, da zeren eta izaera juridiko ezberdina duten bi entitate -Bankoa CA eta Ipar Kutxa- batzeaz gain, Credit Agricole Taldearen presentziak mugaz gaindiko izaera eskaintzen diolako.

Erakunde berrian parte-hartze parekidea izango dute Ipar Kutxak eta Credit Agricole Taldeko entitateek. Funtzioen banaketari dagokionean, Credit Agicolen esku Presidentzia eta Organo Sozialen kontrola egongo da, egoitza Donostian izango duelarik, eta Ipar Kutxak Zuzendaritza Orokorra bereganatuko du, egoitza Bilbon izanik.

Bankoa CA eta Ipar Kutxaren "egoera sendoa da". Beren bezeroentzako, langileentzako eta bazkideentzako ziurtasuna suposatzen duten kaudimen eta errentagarritasun adierazleak, gaur egun espainiar Estatuan operatzen duten gainontzeko entitateen bataz bestekoaren gainetik kokatzen dira.

Ituna, Ipar Kutxaren banku-jardueraren bereizketaren bidez onduko da, Bankoa CArenean integratuko delarik. Ipar Kutxak bere kooperatiba elkargo izaera mantenduko du eta, beraz, baita bere gizarte-ekintza eta elkarte oinarria ere.

Entitate berriak 5.300 milioi euroko orotariko aktiboak izango ditu, 8.000 milioi euro inguruko negozio bolumena, eta 400 milioi euro inguruko funts propioak. Bi entitateen 2010eko etekinak 20 milioi eurokoak izan ziren, eta kaudimenaren koefiziente gehitua % 14koa da, ikuskatzaileak eskatzen duen %8aren oso gainetik dagoena. Bi entitateen arteko osagarritasun maila handiak (bai geografikoa zein sektore aktibitateari dagokiona), erakunde seguruago, indartsuago eta abartuagoa eratuko du, bi erakundeen indar guneen baturaren ondorioz.

Beren 677 profesional, 130 bulego eta 206.548 bezeroak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetan barreiatzen dira nagusiki; Euskal Herritik kanpo, Errioxan eta Madrilen izango dituzte bulegoak.

Bi erakundeen arteko harremanak duela hilabete batzuk hasi ziren. Datozen asteotan, gaur hasiera ematen zaion prozesua behin betiko akordioarekin sinatzeko ezinbestekoak diren bi entitateen balorazioak egingo dira, eta berehala hasiko dira lantalde ezberdinak lanean, bi entitateetako langileak integratzeko, emaitzako entitatearen antolakuntza eta egitura operatiboaren integrazio-plana prestatzeko, bateratzearen sinergiak zehazteko eta bi entitateen eguneroko jardunaren jarraipen koordinatua bermatzeko, harik eta entitate bakar batean bilakatuko diren arte.

Helburua, bien arteko osotariko bateratzea 2011n burutzea da, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera entitate bakar bat bezala funtzionatzen hasteko.