Irunen, Santurtzin eta Gasteizen daude alokairu sozialean kudea daitezkeen etxebizitza gehien

ETXEBIZITZAK
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 29 enero 2015 13:33
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak 2013ko etxebizitza hutsei buruz egindako estatistikaren datuen arabera, 40.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerrien artean, Irunen (Gipuzkoa), Santurtzin (Bizkai) eta Gasteizen daude alokairu babestuan kudea daitezkeen etxebizitza gehien, hurrenkera horretan.

   Udalerriaren tamaina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoak dira saltzeko, alokatzeko, aldi batez erabiltzeko edo alokairu sozialera bideratzeko hutsik dauden etxebizitzak aurkitzeko aukerak. Dena den, gune horretatik kanpo, 40.000 biztanletik gorako hirigune batzuetan, handi samarrak dira alokairu babestuan eskaintzeko etxebizitzak topatzeko aukerak; horixe gertatzen da Irunen, Santurtzin eta Gasteizen.

   Egoera horren jakitun, Eusko Jaurlaritza jarduketa batzuk egiten ari da etxebizitzak atzemateari dagokionez, alokairu babestuak duen eskatzaile kopuru gero eta handiagoari erantzuteko. Testuinguru horretan kokatzen da, bereziki, Alokabide azken asteetan euskal geografian barrena egiten ari den "Zabaldu zure ateak. Irabazi ziurra" kanpaina.

   Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak iazko azaroan aurkeztu zuen kanpaina hori, Bilbon, eta bertan adierazi zuen Jaurlaritzak etxebizitza hutsak atzemateko asmoa zuela, alokairu sozialera bideratzeko, emantzipatu nahi duten gazteei eta krisi ekonomikoaren ondorioz prekarietate edo baztertze egoeran dauden pertsonei esleitzeko bereziki. Higiezin horiek mugiaraztea Eusko Jaurlaritzak gizarte politikei dagokienez agendan duen erronka nagusietako bat da.

   Horrela, 2013ko Etxebizitza Hutsei buruzko Estatistikaren arabera, EAEn 91.008 etxebizitza huts zeuden urte horretan, baina horien erdiak bakarrik kudea zitezkeen alokairu babestuan. 42.000 etxebizitza horiek etxebizitza hutsen guztizko parkearen %46,2 ziren, eta EAEko higiezinen parkearen %4. Parke horretan, 2013. urtean, 1.041.959 etxebizitza zeuden orotara.

   Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren azterlanak erakusten du handitu egin dela landa ingurunean hutsik dauden etxebizitzen kopurua. Nolanahi ere, horietako asko ezingo lirateke alokairu sozialera bideratu, aldi baterako etxebizitza gisa erabiltzen direlako.

   EAEko 2.500 biztanletik beherako udalerrietan, kudeatzeko modukoak diren etxebizitzen %10,5 dago, eta nabarmentzekoa da Araban horrelako herriek duten pisu erlatiboa. Aitzitik, 40.000 biztanletik gorako udalerrietan kudea daitekeen guztizko eskaintzaren %42,5 dago, eta eskaintza hori %74,5eraino iristen da 10.000 biztanletik gorako herri guztiak kontuan hartzen badira.

ETXEBIZITZA KUDEAGARRIAK

   Azken urteetan, gora egin du kudea daitezkeen etxebizitzen kopuruak, etxebizitza huts gehiago dagoelako. Dauden etxebizitzen stocka hartzen bada erreferentzia gisa, ikus daiteke kudea daitezkeen etxebizitzak parkearen %5,9 direla Araban eta %5 Gipuzkoan; Bizkaia, aldiz, urrundu egiten da kopuru horietatik, etxebizitza hutsen %2,9 baita kudeagarri.

   Udalerriak kontuan hartuz gero, 2.500 biztanletik beherakoek dauzkate, proportzioz, etxebizitza huts kudeagarri gehien; zehazki, 2013ko etxebizitzen guztizko parkearen %5,7. Kudea daitezkeen etxebizitzen ehunekoa nahiko handia da oraindik ere 2.500-40.000 biztanle bitarteko herrietan (%4,2-%4,8), eta portzentaje hori %3,9ra jaisten da 40.001-100.000 biztanle bitarteko herrietan eta %3,1era, hiriburu handietan.

   40.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, Bilbo (%1,6), Getxo (%2,5), Basauri (%2,6) eta Portugalete (%2,7) udalerri bizkaitarretan daude kudea daitezkeen etxebizitzen ehunekorik txikienak: kasu guztietan, ehunekoa familia etxebizitza guztien %3tik beherakoa da.

   Beste muturrean Irun eta Santurtzi daude, herri horietako proportzioa %6,6koa eta %5,1ekoa baita, hurrenez hurren. Etxebizitza kudeagarrien ehunekoa handia da Gasteizen ere (%5), bertako etxebizitza parkearen osotasuna aintzat hartuta.

   Barakaldo (Bizkai) tarteko bidean dago (%3,8), tamaina handi samarra duten udalerrien artean. Donostia, berriz, kudea daitekeen etxebizitzen kopuru txiki samarra duten udalerrien artean dago, bertako proportzioa %3,3 baita.