Ismael Fidalgori buruzko Bilbo eta Urrestietako erakusketak otsailaren 3ra arte luzatu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiek

Ismael Fidalgori buruzko erakusketa
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Actualizado: jueves, 10 enero 2013 13:17

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Batzar Nagusiek otsailaren 3ra arte luzatu dituzte Ismael Fidalgo margolariaren bizitza eta lanaren inguruan Bilbon eta Urrestietan ikusgai dauden bi erakusketak, izan duten arrakasta ikusita. Erakusketa bat Urrestietako Enkarterrietako Museoan dago, "Meatzen margolaria" izenburuarekin, eta Fidalgoren bizitza eta lanaren ingurukoa da. Beste erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan dago eta "Ismael Fidalgo eta gerra osteko artisten belaunaldia" da bere izenburua.

Bilboko erakusketan artista garrantzitsuen lanak daude ikusgai, esaterako, Jorge Oteiza, Agustin Ibarrola, Mentxu Gal edo Iñaki Garcia Ergüinenak. Fidalgoren kide izan ziren, eta haien margolanekin batera, Antonio Santafe Largacha, Fernando Maidagan, Arturo Acebal Idigoras, Jose Barcelo, Maria Dapena, Norberto Ariño de Garay, Ricardo Toja, Jose Luis Apezetxea, Ana Mari Marin, Pelayo Olaortua, Javier Murga eta Ismael Fidalgoren beraren margolanak ere badaude.

Erakusketarekin ezagutarazi eta erakutsi nahi da XX. mendeko euskal estetikaren zati bat markatu zuen artisten belaunaldia. Artista guztiak dira Ismael Fidalgoren (1928-2010) garaikideak eta "euskal artisten hirugarren belaunaldi" edo "gerra osteko belaunaldi" deiturikoan sartzen dira, Espainiako gerra zibilaren osteko urte ilunetan heldutasuna bizi izan zutenak, kulturaren aldetik hain gogorrak izan ziren urteetan, hain zuzen ere. Erakusketa 9:00etatik 21:00etara dago zabalik astegunetan eta 13:30era arte larunbatetan. Igande eta jaiegunetan itxita dago.

Bilboko erakusketa, Ismael Fidalgo "Meatzetako margolaria" zenaren gaineko beste erakusketa baten osagarri da, hain zuzen, Urrestietako Enkarterrietako Museoan otsailaren 3ra arte ere zabalik egongo denarena. Enkarterrietako Museoa zabalik dago 10:00etatik 14:00etara goizez eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldez, asteartetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00etara igandeetan; astelehenetan itxita egoten da.