Itsas fenomenoengatiko abisu meteorologikoen sistema berritu du Eusko Jaurlaritzak

Olatuak Bermeoko olatu horma astintzen, iaz
Foto: EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 18 febrero 2015 13:44
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kostako fenomeno gogorrengatiko abisu meteorologikoen sistema zabaldu du, eta itsasoak kostaldean duen inpaktuari buruzko aldagai berri bat kontuan hartuko du. Aldagai berriak orain arteko galernei eta olatuei buruzko bi aldagaiak osatuko ditu eta azken hori itsas nabigaziora egokituko du.

   Berrikuntza hori azken hamar urteetan Euskadin izandako denboraleak aintzat hartzen dituen ikerketa batean lortutako emaitzetan oinarritzen da. Ikerketa hori Tecnaliako Meteorologia Unitateak eta Azti Tecnaliak egin dute, udalekin, aldundiekin eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoarekin elkarlanean.

   Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Euskalmeteko arduradun José Antonio Arandak prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan Bilbon, sistema berria aurkezteko.

   Horrela, kostatik bi miliatara bitarteko orain arteko olatuen egoerari eta galernen eraginari buruzko ohiko abisu hori, alerta laranja eta alarma gorrietan, olatu horiek itsasoko azpiegituretan sor dezaketen inpaktua ere barnean sartuko da.

   Zubiagak azaldu duenez, kostan olatuek duten inpaktuari buruzko aldagai berria martxan jarrita, Segurtasun Saileko Larrialdietako eta Meteorologiako Arreta Zuzendaritzak "denboraleek itsasertzan sortzen dituzten kalteak murriztu ahal izango ditu, kostako erabiltzaileei aurretiazko informazio maila handiagoa emango baitie".

   Kostako inpaktuari buruzko aldagai berria azterketa batean oinarritzen da. Azterketak hurrengo parametroak uztartzen ditu: olatu adierazgarriaren altuera, olatuaren gailurraren periodoa, marearen altuera eta olatuen norabidea. Parametro horietako edozeinen maila handiagoa bada, logikoa den bezala, ondorioztatzen dena da itsasertzean kalte materialengatiko ondorio handiagoak izango direla.

   Hala ere, begiratu batean pentsa daitekeenaz bestela, itsasoaren egoera, mareak eta kalte materialak bildu daitezkeen parametro horiek guztiak batzeko gai den aldagai bat topatzea ez da erraza izan, nahiz eta, azkenean, olatuek itsasertzeko azpiegituren gain duten "gainditze indizearekin" zerikusia duten bi aldagai aurkitu diren. Azken hamar urteetan euskal kostan denboraleek eragindako kalte historikoekin korrelazioa dute aldagai horiek.

   Gainditze indize horiek olatuek kostara iristean duten kotarekin erlazionaturik daude eta itsasoa zenbat "igo" daitekeen jakiteko informazio gakoa eskainiko dute, olatuen eta mareen ezaugarrien nahiz ezaugarri astronomiko zein meteorologikoen efektu konbinatuari esker.

ABISUAK BIRDEFINITU

   Azkenean, ikerketa aplikatzeak ekarri du Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak ozeanoen zein meteorologiaren abisu, alerta eta alarmen sistema berri bat proposatzea, eta horrela birdefinitu dira abisu, alerta eta alarma horiek.

   Alde batetik, kostako inpaktuari buruzko abisu berriak daude: arreta berezia jarriko da itsasertzeko pasealekuetan, kostatik, kostako errepideetatik, portuetatik eta antzerakoetatik gertu dauden hiriko kaleetan.

   Beste alde batetik, nabigaziora eta jolas zein kirol jarduerara bideratutako itsasoaren egoerari buruzko abisuak daude: kostatik bi miliatako marjinan mugitzen diren itsasontzientzat eta dabilen haizearen zein dagoen itsas hondoaren arabera itsasoko egoerari arreta berezia jarriko zaio.

   Hirugarrenik, galernei buruzko abisuak daude, batez ere, hondartzako eta itsasoko jolas zein kirol jardueretarako, eta arreta berezia jarriko da udan.