Itsasmendi 2010 eta Itsasmendi Urezti 2008 txakolin uztak aurkeztu dira Bilboko Erriberako Merkatuan

Actualizado: jueves, 10 marzo 2011 18:00

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Itsasmendi 2010 eta Itsasmendi Urezti 2008 txakolin uztak aurkeztu dira gaur Bilboko Erriberako Merkatuan. Azoka bilbotarrak konpromisoa dauka tokiko produktuekiko eta, zentzu horretan, Bizkaiko ardo hauek sustatu nahi izan ditu bertako Merkatari Elkartearen laguntzarekin.

Itsasmendi txakolina Hondarrabi zuri eta Hondarrabi zuri zerratie barietate autoktonoen arteko 'coupage' delakoaren fruitua da. Txakolin horren izaera hainbat faktorek baldintzatzen dute, hala nola lur-zatien dibertsitate geologikoa eta mikroklimatikoa, mahastizaintza iraunkorra eta ingurumenarekiko adeitsua den ardogintza.

Bere arduradunek azaldu dutenez, 2010eko uzta "oso zaila" izan da, batez ere mahastiak loretan zeuden fasean (ekainean); izan ere, garai horretan tenperatura baxuak izan ziren eta euri asko egin zuen, horrek galera handiak eragin zituelarik ekoizpenean. Edonola ere, mahatsa heltzeko baldintzak ezin hobeak izan ziren irailean eta horri esker, kalitate handiko uzta lortu ahal izan da (eskasa baina kalitate handikoa). Horrela, usain bizi, orekatu, freskoa eta iraunkorreko txakolina lortu da.

Bestalde, 2008ko Itsasmendi Urezti txakolinari dagokionez, 8.000 botila ekoiztu dira. Artisau produktu hau oso delikatua da, 2004ean abian jarritako slow-food mugimenduko produktuen ildokoa. Txakolin hori prestatzeko mahatsa azaroaren bukaeran bildu zen, zonaldeko (Gernika-Lumo) baldintza klimatikoei esker (gau freskoak eta hego-haizea) mahatsondo-enborrean gehiegi helduta zegoenean. Horrez gain, denbora tarte labur batean upeletan eta denbora luzez botiletan ondu da zonaldeko nobedadea bilakatu den txakolin hau.