Itxaro Bordaren "%100 Basque", Bilboko Klasikoen Irakurketa Jarraituan

Itxaro Bordaren "%100 Basque" irakurriko dute
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 6 junio 2017 16:24

   BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Jarraituak edizio berezia izango du aurten, hamar urte betetzen baitira abian jarri zenetik. Aurten, gainera, "erronka txikia" izango den obra aukeratu dute, hain zuzen, Itxaro Bordaren "%100 Basque", oso bestelako estiloan idatzita dagoena. Estereotipoetatik ihesi, emakumezkoek gaur egun euskal literaturan duten protagonismoa aldarrikatu nahi izan dute Klasikoen Irakurketaren antolatzaileek.

   Ekimenaren aurkezpenean zehaztu dutenez, irakurraldia Arriaga antzokian izango da, ostegunean, ekainaren 8an, eta Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatuko da. Arriagako plazan egingo den erromeria batekin osatuko da eguna, iluntze partean. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dute ekitaldia.

   Azkuna Zentroak ere hartuko du parte ekimenean. Kulturen Atarian jarriko den pantaila batean zuzenean proiektatuko du irakurketa eta konexioak egingo ditu 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:00etara Eguzkiaren Pantailatik. Gainera, "%100 Basque" izeneko espazioa berria zabaldu du Mediatekan: bertan, euskal kulturako zenbait alderdiri buruzko material ugari izango dira ikusgai hilero eta ekainean euskal literaturaren txanda izango da.

   Irakurraldia goizeko 08:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00etan bukatuko da. Itxaro Bordak berak irakurriko ditu liburuaren lehenengo lerroak, irakurraldiari hasiera ematen. Ohikoa denez, Arriaga antzokiaren kanpoaldeako pantaila batean eta EiTBren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean.

   Euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu "%100 Basque" eleberriaren pasarteak jendaurrean. Guztira, 400 lagun inguruk hartuko dute parte, eta horien artean izango dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta udaleko ordezkariak, Bizkaiko Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak.

   Halaber, Bilbo Zaharra euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, kultur eragileek, ostalariek, Gotzaingoaren ordezkariek eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariek ere esku hartuko dute irakurraldian.

   Gainera, tarteka, munduan zehar dauden euskal etxeetan grabatutako irakurketa bideoak proiektatuko dira. Bestalde, metroaren Abandoko geltokian Klasikoen Irakurketa Jarraituak hamar urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa ikusgai dago ekainaren 15era arte.

EMAKUMEAK

   Aurkezpenean azaldu dutenez, aurtengo edizioan, estereotipoetatik ihesi, emakumeek gaur egungo euskal literaturan duten protagonismoa aldarrikatu nahi du Klasikoen Irakurraldiak.

   Itxaro Bordaren "%100 Basque" 2001ean argitaratu zen eta hurrengo urtean Euskadi Literatura saria irabazi zuen. Obra honetan, idazleak euskaldun izatearekiko eta euskal kulturaren izaerarekiko gogoeta egiten du. Idazleak estiloen arteko eztabaidak sustatzen ditu, eta estereotipoak, errealitatearekiko beharra, kritika sozioekonomikoa, kultura eta abar nahasten ditu.

   Estilo aldetik, ohituta gaudenetik urruntzen da eleberria. Aditza batua izan arren, hitz ordena eta puntuazioa oso arrotza egiten zaizkio Hegoaldeko irakurleari. Gainera erabiltzen duen hiztegia tokikoa da eta hitz asko ez dira agertzen ez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, ez Orotarikoan. Hori dela eta, irakurketa errazteko asmoz, Bilbo Zaharra euskaltegiak liburu honetan agertzen diren hitz ezezagunak "Sakela" izeneko hiztegira igo ditu. "Sakela" on line dago erabilgarri eta aplikazioa doan instalatu daiteke smartphone gailuan.

HITZALDIA

   Hain zuzen ere, horixe da Itxaro Bordak asteazkenean Euskaltzaindiaren egoitzan emango duen hitzaldiaren izenburua: "Literatur hizkuntzaren hautua". Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Bilbo Zaharra Forumek antolatua. Leku eta ordu berean, astearte honetan bertan, Lucien Etxezaharreta eta Katixa Dolhare-Zaldunbide arituko dira, "%100 Basque" eleberria hizpide.

   Itxaro Borda (Oragarre, Nafarroa Beherea, 1959) azken hamarkadetako euskal literaturako izen garrantzitsuenetakoa da. Haurtzaroa Nafarroa Behereko Oragarren igaro zuen eta Historia ikasi zuen Paueko Unibertsitatean. Gaur egun Baionan bizi da.

   Borda "Maiatz" literatur aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen, Luzien Etxezaharretarekin batera. 1984an, "Bizitza nola badoan" lehen poema liburua argitaratu zuen. Poesiaz aparte, narrazioak eta saioak ere idatzi ditu. Itzulpengintzan ere aritu da, adibidez, Bertolt Brechten "Kaukausiche Kredekreis" euskaratuz. Euskal abeslarientzat kantak idazten ditu eta euskarazko prentsan artikuluak argitaratu ohi ditu.

   Bere pertsonaia ezagunena Amaia Ezpeldoi da, detektibe zuberoarra, ezohikoa, landatarra, bisexuala eta komunikatzeko arazoak dituena. 1994ko "Bakean ützi arte" nobelan agertu zen lehenengo aldiz, eta gero "Bizi nizano munduan", "Amorezko pena baño", "Jalgi hadi plazara" eta "Boga boga" lanetan.