Izaki Gardenak eta Napoka Iria taldeek joko dute ostegunean Bilboko Kafe Antzokian

Napoka Iria (goian) eta Izaki Gardenak
Foto: JOSU TORREALDAY/KAFE ANTZOKIA
Actualizado: martes, 4 marzo 2014 12:38

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Kafe Antzokiak "Kafe Antzokiaren gutiziak" kontzertu sortako beste emanaldi bat eskainiko du datorren ostegunean, martxoaren 6an, Izaki Gardenak eta Napoka Iria taldeekin. Kontzertua 21:30ean hasiko da, areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Izaki Gardenak taldeak, 2012an kaleraturiko "Itsasargiak" bost kantako EParen ostean, "Amaieratik hasi" disko luzea aurkeztuko du. Aurrekoan bezala, pop musika da, oro har, kanta berrien entzunaldiari darion estiloa, rock eta country-bluesarekin uztartuta.

   Hamar abesti "freskagarri, distiratsu eta borobil" bildu ditu taldeak bere lehen disko luzean. Talde gaztea izanik, "bere belaunaldiaren antsiak, beldurrak eta ametsak" jaso ditu abestietan, "ahots bizigarri eta karismatikoaren bidez nahiz ilustrazio eta irudien bitartez".

   Bestalde, Ander Mujika eta Miren Narbaiza 2005. urtean elkartu eta Napoka Iria sortu zuten. Lehenengo maketak oihartzun handia izan zuen eta ondotik etorri ziren "Poortstraat 58" EPa eta "Lehertarazi edifizioak" lehenengo lan luzea. Ibilbide polita egin du ordutik bikoteak, kontzertu ugari eskainiz, eta bide horretatik jarraitzea dute helburu, argia ikusi berri duen "Arnasten ikasteko berriz" lanarekin ere.