Jaiotzak %0,9 gehitu ziren EAEn iazko hirugarren hiruhilekoan, 2009ko aldi beraren aldean

Recién nacido
EP
Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 12:16

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 5.259 haur jaio ziren 2010eko hirugarren hiruhilekoan, hau da, 2009ko aldi berean baino %0,9 gehiago, Eustaten datuen arabera. Lurraldeka, Bizkaian 2.680 haur jaio ziren (%0,4 gutxiago), Araban 802 (%4,6 gehiago), eta Gipuzkoan 1.777 (%1,3 gehiago).

Jaiotzak amaren adinaren arabera banatuz, 30-34 urteko amen taldea nagusi izan zen argi eta garbi, haien artean gertatu baitziren erditzeen %43,3. Ondoren, goragoko taldea kokatu zen, hau da, 35-39 urte artekoa (%29,3); 25-29 urteko taldea beherago geratu zen, erditzeen %15,5ekin. Muturreko adinak dituzten taldeetan, 25 urtez behera amatu zirenak %6,2 izan ziren, eta 40 urtez gorakoen taldean jaiotzen %5,7 gertatu zen.

Ezkontzaz kanpoko jaiotzak %32,8 izan ziren, aurreko urteko aldi beraren antzera. Ama ezkongabeen batez besteko adina 31,2 urtekoa izan zen, eta dibortziatu eta alargunena, 35 urte baino zertxobait gehiago. Hiruhileko honetan, batez beste, ezkondutako amak bi urte gehiagorekin amatu ziren ezkongabeak baino.

Bestalde, 2010eko udako hiletan EAEn amatutakoen arteko %15,8 atzerritarrak ziren; portzentaje horren gainetik Araba kokatu zen, %22,9rekin, eta Bizkaia (%15,1) eta Gipuzkoa (%13,7) behetik. Amatzeko adina ezberdina izan zen naziotasunaren arabera: atzerritarrena, 28,9 urtekoa izan zen batez beste, eta espainiar nazionalitatea dutenena, 33,3 urtekoa.

Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2010eko hirugarren hiruhilekoan, erdiak baino gehiago (2.994 haur) lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.871 haur (%36) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi ziren; hirugarren eta ondorengo seme-alabak %7 izan ziren. Bizkaian (%40), bigarren eta ondorengo seme-alaben kopurua EAEko batez bestekoa (%43) baino txikiagoa izan zen, eta hori herrialde horretan baino ez zen gertatu.

Azkenik, 2009ko hiruhileko beraren aldean %2,3 hazi zen bigarren eta ondorengo haurren batez besteko hazkundea: Araban oso nabarmen hazi zen (%20), Gipuzkoan gutxiago (%6,9), eta Bizkaian %5,3 jaitsi zen.