Jaiotzak %2,3 jaitsi ziren EAEn 2016ko hirugarren hiruhilekoan

Jaiotzak gora 2016ko udan
PIXABAY
Actualizado: lunes, 27 febrero 2017 12:06

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Euskal Aurtonomia Erkidegoan (EAE) 4.746 jaiotza izan ziren 2016ko hirugarren hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %2,3 gutxiago. Araba izan zen jaitsiera handiena izan zuen lurraldea, 795 haur jaio baitziren, aurreko urteko hiruhileko berean baino %4,7 gutxiago; Bizkaian 2.320 jaiotza izan ziren (%3,5 gutxiago), eta Gipuzkoan 1.631 (%0,7 gehiago), Eustaten dtuen arabera.

Jaiotzak amaren adinaren arabera banatuz gero, 30-34 urteko amen taldeak nagusi izaten jarraitu zuen, erditzeen %36,6 bilduta. Talde horren ondotik adinez goragoko hurrengo taldea kokatu zen, 35-39 urtekoa, jaiotzen %35,3rekin; %12,9 bildu zituen 25-29 urteko amen taldeak. Muturretako adin taldeen artean, 25 urtetik beherakoen taldeak jaiotzen %5,9 bildu zituen, eta 39 urtetik gorakoenak %9,3.

Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztien %43,1 izan ziren. Ehuneko hori aurreko urteko aldi berekoa baino handiagoa da (%41,4). Amen batez besteko adina 33,4 urte izan zen: ama ezkonduek 33,9 urte zuten batez beste, ama ezkongabeek 32,5 urte eta dibortziatuek 35,7 urte. Ama atzerritarrek nazionalitate espainiarrekoek baino 3,3 urte gutxiago zuten.

Iazko uztailean, abuztuan eta irailean ama izan ziren emakumeen %21,7 atzerritarrak izan ziren. Ehuneko hori Araban bakarrik gainditu zen, % 28,4ra iritsi zen eta. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, nazionalitate atzerritarreko amak %20,6 eta % 20,1 izan ziren, hurrenez hurren.

Emakumeak ama izaten direneko adina ere ezberdina izan zen nazionalitatea kontuan hartzen bada. Horrela, atzerritarren batez besteko adina 30,8 urte izan zen, eta nazionalitate espainiarreko amena 34,1 urte.

Jaiotza hurrenkeraren arabera, 2.454 haur lehenengo seme-alabak izan ziren 2016ko udako hilabeteetan: 1.786 (%37,6) beste seme-alabaren bat zuten familietara iritsi ziren, eta %10,7 hirugarrenak edo hurrengoak izan ziren. Lehen seme-alaba izan zuten emakumeen kopurua %5,6 jaitsi zen; alabaina, %0,8 igo ziren bigarren haurra izan zutenen kasuak, eta hirugarrena edo hurrengoak izan zituztenen kasuetan igoera %3,5ekoa izan zen, betiere 2015eko hiruhileko beraren aldean.