Jakintzaren Bidearen bosgarren edizioa egingo da igandean EHUko Leioako campusetik Zamudioko Parke Teknologikora

Jakintzaren Bideak bost urte beteko ditu aurten
EHU
Actualizado: viernes, 14 octubre 2011 14:47

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Jakintzaren Bidea izeneko ibilaldiaren bosgarren edizioa egingo da igandean, urriaren 16an, goizeko 9:30ean hasita, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kiroldegitik abiatuta, Leioan. EHUko Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak Zamudioko Parke Teknologikoko Kultur eta Aisia elkartearekin (AISIATEK) batera antolatzen duen oinezko ibilaldia ez da lehiaketa, 20 kilometroko luzera izango du eta EHUko Leioa-Erandioko gunea eta Zamudioko Parke Teknologia lotuko ditu.

EHUko iturriek adierazi dutenez, ibilaldiaren helburuetako bat unibertsitatea eta Zamudioko Parke Teknologikoa sinbolikoki lotzea da, "bi erakundeen artean egon behar duen harremanaren isla bezala". Halaber, bi erakundeen inguruak ezagutzera eman nahi ditu, eta jarduera fisiko osasungarria sustatu erakunde bietako langileen eta herritar guztien artean.

Era berean, ekimen hau Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektuaren barnean kokatzen da, bere espezializazio arloen artean bizi kalitatea hobetzea eta zahartze osasuntsua bultzatzea ere agertzen direlako, besteak beste.

Parte hartzeko izen-ematea derrigorrezkoa eta doakoa da, eta EHUko Bizkaiko Kirol Zerbitzuan (Unibertsitate Kiroldegian) edo EHUko Informazio Bulegoan (Larrako-Etxea eraikina, Bilbo) egin ahal izango da. Ohiko garraio publikoaz gain, helmuga, irteera eta Astrabuduako metro geltokia elkarrekin lotuko dituzten autobusak ere jarriko dira 8:30ean eta ibilaldia bukatzerakoan.