Jaurlaritzak 10,3 milioi euro zuzenduko ditu lehen sektoreko I+G+b alorrera eta inbertsio berriak egitera

Actualizado: viernes, 25 septiembre 2015 14:07

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 10,3 milioi euro iragarri ditu lehen sektoreko I+G+b alorrerako eta landagune eta itsasertzeko guneetan inbertsio berriak egiteko diru laguntzetarako. Zazpi milioi euro nekazaritza, arrantza, basogintza eta elikaigintza sektoreetan berrikuntzak eta ikerketak egiteko erabiliko diren laguntza bideetarako izango dira (Berriker eta I+G), eta 3,3 milioi euro inguru landaguneak eta itsasertzeko guneak sustatzeko eta garatzeko loaguntzetarako.

   Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Udapa nekazarien kooperatibara egindako bisitan egin du iragarpena, Gasteizko Jundiz industrialdean. Berrikuntza maila handiko zentroa da, eta I+G+b sistema modernoak ditu, pisuen kontrol automatikorako edo ikusmen optikorako aplikazioekin.

   Udapara egindako bisitan eta ondorengo bileran, Tapiarekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta sailari atxikitako Azti eta Neiker zentro teknologikoetako arduradunak egon dira. Azti zentrotik Rogelio Pozo zentroko zuzendaria egon da, eta Neiker ordezkatuz Josu Ezkurdia zentroko zuzendaria. Zentro teknologiko biak Udaparekin batera ari dira ikerketa eta garapen proiektu batzuk lantzen, eta proiektu horiek Udapako zuzendari Alfonso Saenz de Camarak aurkeztu ditu.

   Bisita bukatutakoan, sailburuak azpimarratu du "garrantzitsua" dela lehiakortasuna bultzatzea produkzio ekonomia osoan, baita lehen sektorean ere, "sektore guztien artean garapenari dagokionez dauden aldeak murriztuta eta lehen sektore berritzaile eta elikagai industria lehiakorraren alde eginda". Horretarako, beharrezko ikusten du Euskadiko landaguneetan eta itsasertzeko guneetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea bermatzea.

   "Gure espezializazio estrategian, aukera nitxotzat hartu da elikadura. Hori dela eta, azpimarratzen dugu beharrezkoa dela elikadura kate osoa egituratzea, lehenengo nekazari eta arrantzaleak eta gero industria eraldatzaile, zentro teknologiko eta enpresa espezializatuak, industria merkaturatzaileetatik pasatuta, eta kontuan izanda, baita ere, sukaldaritza eta gastronomia arloak. Daukagun elikadura kate osoa lehiakorra izan dadin, berrikuntza presente egon behar da bere fase guztietan", azaldu du.

   Apustu horren adibide gisa, Tapiak laguntza sorta bat iragarri du eremu horretan, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintza sektoreak antolatzeko prozesuetan berrikuntzak sendotzeko, baita eremu horretan ikerketak eta garapenak egin eta landaguneetan inbertsioak sustatzeko ere.

   Bere hitzetan, "laguntza horiek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak legegintzaldi honetarako markatu duen estrategiaren baitan sartzen dira; izan ere, estrategiaren asmoa da lehen sektoreko enpresen lehiakortasuna indartzen eta landaguneetan eta itsasertzeko guneetan jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa eta bizi kalitatea areagotzen laguntzea".

BERRIKER

   Horrela, Berriker programak 5,75 milioi euro banatuko ditu diru laguntzetan; zehazki, lehen sektoreko eta elikagai sektoreko I+G alorrera 1,35 milioi euro zuzenduko dira, eta landagune eta itsasertzeko guneen modenizaziorako laguntzetara, 3,3 milioi euro.

   Berriker programaren laguntzak nekazaritza, elikagaigintza eta arrantza sektoreen zerbitzu eta prozesuen antolaketaren alorrean egingo diren ikerketa eta berrikuntza proiektuetarako dira. 2015eko deialdian, 5.750.000 euro bideratuko dira zerbitzu eta prozesuen berrikuntzarako proiektuetara.

   Bestalde, I+G alorreko jarduerei dagokienez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak nekazaritza, elikagaigintza eta arrantza sektoreetan oinarriko ikerketak, industri ikerketak eta garapen esperimentaleko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egin daitezen hainbat laguntza jarri ditu abian, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren bitartez.

   Guztira, 1.350.700 euro bideratuko dira laguntza horietara. Enpresak, elkarte eta fundazioak, eta pertsona taldeak eta ondasun komunitateak izan daitezke laguntza horien onuradunak.

   Halaber, landaguneak eta itsasertzeko guneak sustatzeko eta garatzeko laguntzak banatuko ditu Jaurlaritzak. Banatuko diren 3.310.000 euroekin, helburua da Euskadiko landa inguruneko bizi kalitatea, dibertsifikazio ekonomikoa eta iraunkortasun energetikoan aurrea egitea. Hala, diruz lagunduko dira, besteak beste, zentro soziokulturalen eraikuntzarekin, turismo azpiegituren sorrerarekin, hondatutako inguruneak lehengoratzearekin, banda zabalaren ezapenarekin eta energia berriztagarriekin ezarpenarekin zerikusia duten proiektuak.

   Laguntza horien onuradunak izan daitezke, berriz, toki erakundeak, bai zuzenean bai beraien erakunde autonomoen edo udal sozietate publikoen bitartez, eta udalaz gaindiko erakunde publikoak ere bai.