Euskararen irakaskuntzan B2 maila bitartean doakotasunaren bidean 1,25 milioi euro

Zupiriak Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren aurrekontuaren berri eman du
IREKIA
Actualizado: jueves, 2 marzo 2017 13:49

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak euskaldunen kopurua areagotzen jarraitzeko konpromisoari lotutako bi neurri abiaraziko ditu legealdi honetan. Alde batetik, HABEren euskaltegientzako diru ekarpena %6 igoko da eta, bestetik, 1.250.000 euro bideratuko dira euskararen irakaskuntzan B2 maila bitartean doakotasunaren bidean pauso berriak ematera. Azken neurri hau Hakoban landuko da, doakotasunaren helburua lortzeko erakundeen arteko lankidetzan sakontzeko asmoz.

Hala jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Saileko arduradunek Eusko Legebiltzarraren Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, 2017rako aurrekontuaren xehetasunak emateko agerraldian. Bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politika sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Carmelo Arcelus Zerbitzu zuzendaria.

Horrela, aipaturikoez gain, hizkuntza politikan euskararen erabilera sustatzeko hainbat neurri bultzatuko dira aurrekontuen bitartez. Esate baterako, 300.000 euro inbertituko dira haur eta gazteen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko. Horretarako ekimenak bultzatuko dira aisialdi elkarteekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean.

Halaber, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak aurrekontu sailak izango ditu aplikazio teknologikoak euskaraz sustatzeko (310.000 euro), euskarazko wikipediaren garapenean sakontzeko (300.000 euro), atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako kalitatezko zinea eta serieak euskaraz azpititulaturik ikusi ahal izateko (85.000 euro) edota haurrengan irakurketa ohiturak sustatzeko "Bularretik mintzora" programarako (30.000 euro).

Ohi bezala, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak "garrantzi handiko" diru laguntzen deialdiak bultzatuko ditu euskalgintzako elkarteak laguntzeko eta euskarazko hedabideen lana errazteko. Diru laguntza izendunen atalak ere bere pisua mantenduko du.

%2 GEHIAGO

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 241,9 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2017ko ekitaldirako, joan den urtean baino %2 gehiago. Zupiriak azaldu duenez, aurrekontu hauek estu-estu lotuta daude Sailaren konpromisoekin.

Kultura Sailburuordetzari dagokionez, aurrekontu proiektuak bi programa jasotzen ditu: Ondare Historiko Artistikoa eta Kulturaren Sustapena. Lehenengoak %8,9ko igoera izango du, neurri handi batean Euskadi Digitalaren aldeko apustua indartu delako. Ekimen honi lotuta, 1.119.000 euro inbertituko dira digitalizazioari lotutako proiektuetan (e-Liburutegiaren sustapena, Euskadiko Liburutegi Digitalaren finantzaketa, Liburuklik ekimena). Horrekin batera, 650.000 euro inbertituko dira liburutegien sarearen garapen digitalean.

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak proiektu "traktoreen" aldeko apustua berretsiko du 2017an, "agerikoa baita proiektu hauen erreferentzialtasuna eta beren garrantzia bestelako kultura ekimenak sortzen eta elikatzen laguntzeko".

Horrela, Guggenheim Bilbao Museoarentzako diru ekarpena %29,30 igoko da, Artiumena %43 eta Santa Maria Katedrala Fundazioarena bikoiztu egingo da, 2016ko 70.000 eurotik aurtengo 150.000 eurora. Era berean, Kulturaren Sustapena programaren barruan, Tabakalera bezalako proiektu estrategiko baten jarduera kulturalerako 1,6 milioi euro bideratuko dira (iaz baino %14,29 gehiago).

Bestalde, erakunde publikoen artean, Etxepare Euskal Institutuak iaz baino %8,16 aurrekontu handiagoa izango du eta 2.345.170 euro jasoko ditu kultura diplomazia eta nazioarteko sareak sustatzeko, euskararen irakaskuntza nazioartean indartzeko eta euskal kulturaren sustapena eta nazioarteko hedapena sustatzeko.