Jaurlaritzak 2009-2011 aldian emandako txoke-abalek 28.300 enplegu finkatu dituzte

Actualizado: viernes, 2 marzo 2012 13:15
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 28.300 enplegu finkatzeko lagundu du 2009. urtean sortutako txoke-abalen lerroari esker. Industria-sarea eta enplegua atxikitzeko enpresa-proiektu bultzatzaileen finantzaketari laguntzeko programa horrek 42 enpresari eman dizkie abalak 2009-2011 aldian, 267 milioi euroko zenbatekoaz.

   Datu horiek gaur aurreratu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuraren aurrean egindako agerraldian. Txoke-abalen neurria Industria Sailak bultzatzen du eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza du hasieratik.

   ETEen zirkulatzaile-premietarako Ekonomia eta Ogasun Sailaren abalen programarekiko osagarria da tresna hori, elkarren bermerako sozietateen (EBS) bidez kudeatzen denarekiko, alegia.

   Euskal ekonomian duen trakzio-eragina da txoke-abalen programaren punturik esanguratsuena, abalaturiko proiektuek 1.300 milioi eurotik gorako guztizko inbertsioa jo baitute. Jaurlaritzaren abalei esker guztira balio-kateko 2.800 enpresek parte hartu dute proiektu horietan, bertan 28.300 pertsonek lan egiten dutela.

   2009ko ekainaren 5eko Gobernu Kontseiluaren erabaki batekin abiarazi zen neurria, Europako Batzordearen Denbora Esparrua deiturikoaren babesean, gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzarioko testuinguruan finantzaketa baliatzea ahalbidetzen zuenaren babesean. Urte hartan bost proiekturi eman zitzaizkien abalak 38,9 milioi euroko zenbatekoaz, 191,8 milioiko inbertsiorako.

   Neurriak 2010ean jarraitu zuen, eta 17 proiekturi abalak ematea ahalbidetu zuen, 149,3 milioi euroko zenbatekoaz, 836,7 milioi euroko proiektuak egiteko bidea emanez. Iaz, guztira 18 proiekturi eman zitzaizkien abalak, 320,4 milioi euroko zenbatekoaz guztira, 426 enpresek eginikoak, eta ia 7.000 lanpostu finkatu ziren.

   Beren ezaugarriak direla-eta gauzatzeko finantzaketa handia eskatzen duten inbertsioko proiektu bultzatzaileetan, eskarietan edo kontratuetan oinarritu dira abalak ekartzeko irizpideak.

   2012an Europako Batzordeak Denbora Esparrua ez luzatzea erabaki badu ere, enpresari laguntzeko erreminta horren eraginkortasuna eta izandako lorpenak kontuan izanda, erreminten multzoa definitzen ari da Eusko Jaurlaritza, horiei esker enpresek finantzaketa baliatzea errazteko.