Jaurlaritzak Cundinamarca departamendua gehitu du aliantza estrategikoen sarera

Urkullu eta Rey
IREKIA
Actualizado: miércoles, 31 mayo 2017 12:23

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Kolonbiako Cundinamarca departamenduak elkar ulertze memorandum bat sinatu dute aldebiko harremanak sendotu eta horietan sakontzeko eta baterako lankidetza proiektuak garatzeko elkarren intereseko eremuetan.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Jorge Emilio Rey departamenko gobernadoreak sinatu dute memoranduma, Lakuako Gobernuko ordezkaritza bat Kolonbiara egiten ari den bidaia instituzionalaren baitan. Euskadi 2020ren Nazioartekotze Esparru Estrategiaren barruan Jaurlaritzak "lehentasunezko" kide gisa identifikatzen du Kolonbia. Urkulluk gogorarazi duenez, gaur egun Kolonbia da euskal enpresen presentzia handiena duen Hegoamerikako herrialdea.

Kolonbian eman duen lehjen egunean Urkulluk azaldu duenez, aliantza estrategikoen sare bat garatzen ari da Euskadi interes partekatuak dituzten eskualde liderrekin. Orain, Cundinamarca sareko seigarren kide bihurtu da; Akitania, Baviera eta Flandes Europan, Jiantsu Txinan eta Queretaro Mexikon dira beste kideak. Gainera, aurki Quebec barneratu ahal izatea da helburua.

Zehazki, Cundinamarca departamenduarekin sinatutako memorandumak baterako ekintzak jasotzen ditu zenbait arlotan, hala nola cluster, merkataritza, inbertsio eta negozio, balio partekatuaren eredu, espezializazio adimentsu, lehiakortasun, produktibitate eta produktu eta elikagai prozesatuen merkaturatzea hobetzeko ereduen truke, enpresen nazioartekorze, I+G+B, ingurumen, lurralde plangintza, kultura, hezkuntza eta turismoan.

CUNDINAMARCA

Kolonbiako 32 departamenduetako bat da Cundinamarca, eta Bogota da bere hiriburua. Eskualdeak hamar milioitik gora biztanle ditu eta bertan daude herrialdeko enpresen herena. Kolonbiaren hazkundearen eragilea da eskualdea, %30eko partaidetza baitu herrialdeko BPGn. Ospe handia du nazioartean, eskualde erakargarria delako negozioak egiteko eta inbertsiorako.

Gainera, interes ekonomiko gehien sorrarazi dituen departamenduetako bat da Kolonbian, eta azkenaldian euskal enpresen ezarpen gehieni harrera egin die -horietatik %85 Bogotan daude-. Interes handiko eskuldea da Euskadirentzat kokapen estrategikoari -Kolonbiako erdialdean dago- eta komunikazio sareari esker, baita harremanak garatzeko bazkide egokia ere.

BILERAK

Akordioa sinatu ondoren, Urkulluk eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak lan bilera izan dute euskal enpresekin. Bertan, enpresek orain dituzten premiak eta zailtasunak zuzenetik ezagutzeaz gain, bere konpromisoa helarazi die Jaurlaritzak enpresa ehunari zabalkuntza eta nazioarteko bihurtzeko prozesuetan laguntzeko. Beste neurri batzuen artean, kanpoko merkatuetan sartzeko 1.200 euskal enpresa txikiri eta ertaini zuzendutako laguntza nabarmendu du Urkulluk.

Amaitzeko, Kolonbiako euskal komunitatearen ordezkaritza batekin elkartzeko aukera izan du Jaurlaritzako ordezkaritzak, Euskadi eta Kolonbia harrera herrialde gisa batzen dituzten sustrai historikoetan sakontzeko.

Biztanle antiokiarren %40k euskal jatorria du. 2,8 milioi pertsona inguru dira, eta euskal ondorengo gehien biltzen dituen lekuetako bat da munduan. Gainera, hiru euskal etxe ditu Kolonbiak (Bogota, Medellin eta Caldas).