Baztarrika: Europak "txartel gorria" atera dio Espainiari Eremu Urriko Hizkuntzen Eurokarta betetzean

Ezkerretik eskuinera: Gimenez, Baztarrika eta Crespo
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 28 enero 2016 14:04

Euskara sustatzeko EAEn egin diren politikei "nota altua" jarri diela esan du, eta hori "euskal gizarte osoaren ahaleginaren emaitza" dela

   BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du Europako Kontseiluak "txartel gorria" atera diola Espainiako Estatuari Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren betetze mailari dagokionez, eta "berriro mahai gainean" jarri duela ez duela behar beste asumitzen bere hizkuntza aniztasuna.

   Baztarrikak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren adituen batzordeak egindako betetze mailaren laugarren txostena aztertu eta baloratu du ostegun honetan Bilbon, Jorge Gimenez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta Ane Crespo Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Plangintzako arduraduna ondoan zituela.

   Horrela, adituen txostenean oinarrituta, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak gomendio batzuk egin dizkie Estatuko erakundeei. Hala, Baztarrikak esan duenez, txosstenak "berriro jarri du mahai gainean" Espainiako Estatuak ez duela hizkuntza aniztasuna "behar beste" asumitzen.

   "Kiroletako irudi bat erabiliz, eta ikusiz zein sei gomendio egiten dizkion, eta errepikatu egiten direla lau txostenetan, Europako Kontseiluak Espainiako Estatuari txartel gorria atera diola esango nuke. Txartel horiak atera dizkio aurreko hiru txostenetan, eta laugarrenean ere. Horregatik diot txartel gorria atera diola Justizia arloari dagokionez eta Estatuaren administrazio periferikoak ez dituelako betetzen Eurokartako konpromisoak, ezta bertako legedian jasotako hizkuntza betebeharrak ere", azaldu du.

   Ildo horretan, Jaurlaritzako arduraduna "prest" azaldu da Estatuaren administrazioak hizkuntza kontuetan dituen eginbeharrak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) betetzeko lankidetzan aritzeko. "Lankidetza gehiagotan aipatu dugu, baina ez dugu erantzunik jaso, eta txostenaren aukera baliatu nahi dut, lankidetza jarrera eta disposizioa azaltzeko", gaineratu du.

   Halaber, Estatuari dagokionez, oro har, Baztarrikak adierazi du Espainiako Estatuak, "eleaniztuna denez", asumitu egin behar duela "bere balio propio bezala eleaniztasun hori", eta "pedagogia soziala" egin beharko lukeela Estatu osoan, hezkuntzaren eta hedabideen bidez, "eleaniztasun horren balioa Estatuan eta erkidego guztietan balio propiotzat eta positibotzat asumitua izan dadin".

EAE

   Bestalde, Patxi Baztarrikak nabarmendu du Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren adituen batzordeak egindako betetze mailaren laugarren txostenak "nota altua" jarri diela EAEn egin diren euskararen sustapenerako politikei, eta hori "esan egin behar" dela azpimarratu du, "euskal gizarte osoaren ahaleginaren emaitza delako".

   Bere esanetan, ahalegin hori "herri aginteena, herritarrena, gizartearena, lankidetza publiko-pribatuarena eta euskalgintzako gizarte eragileena" da. "Denen ahalegin kolektibo baten emaitza da aurrerapauso hauek guztiak etengabe ematen aritzea. Harrokeriarik gabe, autoatseginkeriarik gabe, baina ezkortasun antzu eta desmobilizatzaile guztiak erabat uxatuz, aitortu eta balioetsi egin behar dugu denon artean egiten ari garena", adierazi du.

   EAEko euskararen sustapen politikek "nota altua" eskuratu dutela txostenean errepikatu du, eta, hainbat puntutan, aitortu ez ezik goraipatu egin direla EAEn zenbait arlotan euskararen erabilera sustatatzeko hartutako neurriak eta egindako urratsak.

   Horrela, Baztarrikaren esanetan, txostenak nabarmendu du euskarak, "EAEn hainbat arlotan hartzen diren neurriengatik", onura baino ez duela eta horregatik betetzen direla Eurokartako konpromisorik gehienak. Halaber, txostenak "positiboki baloratu ditu euskara sustatzeko EAEn egiten diren ahaleginak, eta agintariei eskatu die ahalegin horiei gaineko informazio osagarria helarazteko emaitzetako ondorioak hobeto kontrastatu ahal izateko".

   Hala ere, ohartarazi du aurrerapausoak egin izanak ez duela esan nahi "egiteko guztia egin dugunik" eta ziurtatu du badugula "zer hobetu". Horrela, gogorarazi du EAEk ez dituela Eurokartako konpromiso guztiak erabat betetzen, zehazki, Justizia, Polizia, Osasun eta Gizarte Segurantzaren arloetan. Ildo honetan, gogorarazi du zuzenean EAEko herri aginteei dagozkienak Polizia eta Osasuna direla, eta Justizia nagusiki Estatuari eta Gizarte Segurantza osorik Estatuari dagozkiela.

ARLOZ ARLO

   Zehazki, Europako Kontseiluaren txostenak EAEn ezagutzaren eta erabileraren alorretan izan diren aurrerapenak nabarmendu ditu, eta "positiboki" baloratu du euskararen erabilera sustatzeko politika eta askotariko ahaleginak.

   Arloz arlo, administrazioaren aurrean idatzizko zein ahozko eskaerak euskaraz aurkezteari dagokionez, txostenak hobekuntza aitortu du eta Eurokartako konpromisoa bete dela dio. Gauza bera gertatzen da autonomia, foru eta udal administrazioen zerbitzu publikoetan euskararen erabilera bermatzeko konpromisoari dagokionez, aurrerapena aitortuz eta konpromisoa betetzat joz.

   Ildo horretan, Hizkuntza Politikarako sailburordeak azpimarratu du txostenak berariaz aipatu duela kontratazio administratiboan hizkuntza irizpideak eta baldintzak txertatu izana, eta "bide horri eusteko" eskatu duela.

   Hezkuntzari dagokionez, euskarazko irakaskuntzan konpromisoa betetzat jo du, eta nabarmendu D eredua dela eredu hedatuena lehen eta bigarren hezkuntzetan. Helduen euskalduntzean HABEren jardunaren balorazio positiboa egin duela esan du Baztarrikak, eta eskaintza eta eskaera ondo uztartzeko finantzaketa egokiaren beharra jaso du. Helburu hori betetzat eman da.

   Ertzaintzan eta Osasunean hobekuntzak aitortu dira, nahiz eta, Baztarrikaren esanetan, "oraindik konpromisoak guztiz betetzeko tarterik dagoen", eta beraz, partzialki bete da Eurokartako konpromisoa Ertzaintzari eta Osasun zerbitzuari dagokienez. "Hobetetzen jarraitu behar da arlo horietan", gaineratu du.

   Zehazki, Osakidetzan, Europako Kontseiluaren txostenak "aitortu eta goraipatu" egin ditu aurrerapenak, "egokiak" direla esanez, baina, halere, helburua gaur oraindik "partzialki betetzat" eman du, eta "lanean jarraitzeko beharra" aipatu du.

   Kultur jarduerari eta hedabideei dagokienez, Baztarrikak adierazi du txostenak ez duela aipamenik jasotzen EAEri dagokionez, eta horrek esan nahi duela alor horietan Eurokartako konpromisoak betetzat jo dituela.

   Justiziaren arloa da "gabezia handientzat" jo duena, baina gogorarazi du "gabezia horietako garrantzitsuenetan jarduteko eskumena" ez dela EAErena, Estatuarena baizik. Halere, gabezien artean betetzen diren konpromisoak badirela esan du.