Jaurlaritzak, Turismoaren Mundu Elkarteak eta Gobernu espainiarrak eskualde-turismoaren azterketa ekonomikoa egingo dute

Actualizado: jueves, 3 marzo 2011 17:46

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrillak, Espainiako Gobernuko Turismo eta Barne Merkataritzako idazkari Joan Mesquidak eta Turismoaren Munduko Elkarteko (TME) idazkari nagusi Talef Rifaik akordio bat sinatu dute aurten hasi eta 2013ra bitartean urtero nazioarteko hiru biltzar egiteko. Biltzarron gai nagusia eskualde-turismoa neurtzea eta dagokion azterketa egitea izango da.

Aldi horretako urte bakoitzean egingo diren hiru konferentziak lagungarriak izango dira eskualde-turismoaren neurketa eta azterketa -batez ere ekonomikoa- bultzatzeko, eta eskualdeko edo tokian tokiko erakundeei orientazioak emateko, hiru esparruri aplikaturiko ikerketa bultzatuta: bisitarien fluxuari dagokiona, turismoa eta lurraldea, eta turismoaren ekarpen ekonomikoa.

Turismo-jardueraren eta sektorearen beraren azterketa bultzatzeko helburu orokorragoaren barruan biltzen dira biltzarrak, politika eraginkorragoak diseinatzea faboratuz eta turismoaren balioa nabarmenduz hazkunde ekonomikoan eta garapenean.

Helburu horiei jarraiki, turismo-administrazioak eta eskualdeko eta tokian tokiko garapen ekonomikoko administrazioak, elkarteak, lurralde-esparru horietan interesak dituzten turismo-sektoreko enpresa-erakundeak, unibertsitate eta ikerketa-zentroak, maila indibidualeko adituak eta nazioarteko edo estatu mailako beste sare batzuk izango dira biltzarren publikoa. Horretarako, Turismoaren Munduko Elkartearen (TME) kide afiliatuen laguntza aktiboa izatea proposatuko da, turismo-esparruko enpresa pribatuak, unibertsitateak eta tokian tokiko turismo-administrazioak tartean.

BILTZARREN EGITURA

Biltzar bakoitzak bi eguneko iraupena izango du, ataletan banatuta: instituzionala, aztertzeko kasuen eta aldi bereko bilkura teknikoen aurkezpena, eta horien iraupena egun-erdiz zabaltzeko aukera, bisita tekniko bat ere barnean hartzeko.

Alderdi tematikoak nazioarteko izaera nabarmena izango du, eta Basquetour agentziari egokituko zaio konferentzien erakunde arteko koordinazioa.

Batzorde Zientifiko bat sortzeko aukera biltzen da, biltzar bakoitzaren tematika partikularrerako egokia, hizlariak proposatu eta aurkezturiko dokumentuen kalitatea bermatu ahalko duena.

Bihar aplikatzen hasiko den akordioa Turismo Azterlanen Institutuak (Turismo eta Barne Merkataritzako Idazkaritza Orokorra ordezkatuz), LMEren Estatistika Programaren eta Turismoaren Satelite Kontuaren Zuzendaritzak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak (Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuz) koordinatuko dute.