Jaurlaritzaren azterketa zerbitzuak ondasun materialei buruzko 2.810 txosten eta ia 700 adierazpen egin zituen 2014an

Justizia Jauregia, Bilbon
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 22 mayo 2015 13:11

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzaren ondasun materialen azterketa zerbitzuak 2.810 peritu txosten egin zituen 2014. urtean Euskadiko erakunde judizial eta fiskalentzat, hau da, 2013an emandako kopuru bera ia. Gainera, zerbitzuko profesionalek 685 epaitan deklaratu zuten, hots, adierazpen kopurua %2,5 hazi da aurreko urtearen aldean.

   Zerbitzuko adituek ondasun nahiz kalte materialak balioztatzeko ardura dute, baita Euskadiko organo judizial zein fiskalek eta doako justizia jasotzeko eskubidea dutenen abokatuek eskatzen dizkieten txostenak egitekoa eta epaiketetan deklaratzekoa ere, Herri Administrazio eta Justizia Saileko arduradunek azaldu dutenez.

   Zerbitzuak etxebizitza, bitxi, ibilgailu eta altzari publikoen (kaleargiak, bankuak, monumentuak, eraikinak eta abar) kalte materialei buruz egiten ditu azterketa gehien. Eusko Jaurlaritzak 1999ko apirilean sortu zuen Azterketa Zerbitzua; gaur egun Euskadiko hiru hiriburuetan ditu bulegoak eta bederatzi pertsona dihardute bertan lanean.

   Datuak lurralde historikoen arabera begiratuta, zerbitzuak Bizkaian egiten ditu peritu azterketa eta adierazpen gehien. Zehazki, Bizkaian 1.609 txosten eta 437 adierazpen egin ziren (iaz 1.540 eta 472, hurrenez hurren); Araban, 399 eta 157 (2014an, 462 eta 117); eta Gipuzkoan, 802 eta 91 (873 eta 79).

   Gainera, zerbitzuak aztertzen eta balioztatzen ditu epaitegi dekanoetako ondasun gordailuetan gordetzen diren ondasun materialak; hain zuzen, azterketa zerbitzuak ezartzen du enkantean izango duten balioa. 2014an, zerbitzuak 1428 azterketa txosten eman zituen halako objektuen balioa zehazteko.

   Azterketa zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren mendekoa da, baina lankidetza harreman estua du Euskadiko gainerako sektore publikoarekin. Izan ere, organo judizialek espezializazio maila altua behar duten azterketak eskatzen dituztenean, azterketa zerbitzuak herritarrentzat ere doakoak diren beste zerbitzu publikoetako profesionalei bideratzen dizkie eskaerak.

   Azkenik, organo judizial eta fiskalek eskatutako azterketek esparru jakin bat oso ondo ezagutzea eskatzen badute, zerbitzuak kanpo profesionalei bideratzen dizkie, esaterako, enpresen kontu ikuskatzeak, informatika azterketa oso konplexuak eta zenbait bitxi eta artelanen balorazio zehatza.