Jazarpen sexistarik gabeko lan ingurua lortzeko protokoloa onartu du Donostiako Udalak

Actualizado: miércoles, 4 marzo 2015 16:31

DONOSTIA, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak sexu jazarpenik edota jazarpen sexistarik gabeko lan ingurua lortzeko protokoloa onartu du, eta sexu jazarpena, jazarpen sexista, sexu xantaia edo xantaia sexista hautematen direnean aplikatuko du. Eskubideen urraketa baten aurrean langileek nola jokatu behar duten zehazten da bertan.

Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak adierazi du tresna honen bidez "lan inguru osasungarria eta indarkeriarik gabea" bermatu nahi dela. "Donostiako Udalak gaitzetsi eta debekatzen ditu indarkeria matxistaren erakusle diren jarrera guztiak eta jokabide horiek eragozteko beharrezko diren prebentzio neurri guztiak hartu ditu, baita, horrelako kasuak gertatzen direnean, erasandakoei berme guztiekin arreta emateko behar direnak ere", azaldu du.

Protokoloa udal langile guztiei bidali zaie, bai posta elektronikoz eta bai paperean. Donostiako Udaleko Berdintasun Batzordeko lantaldea urtebetez aritu da lanean protokoloa eguneratzen eta berritzen. Langileen eskubideak bermatuko dituen prozesu garden bat ziurtatzeaz gain, protokoloa indarkeria matxistaz ohartzeko eta kontzientziatzeko ere balio du, prebentzioa ere landu egiten baita.