Jazza eta tangoa Claudio Constatini Quinteten eskutik Bilbon

Actualizado: jueves, 24 septiembre 2015 11:08

   BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Claudio Constantini TangoJazz Quintet taldea Bilboko Silken Indautxu hotelean joko du ostiralean eta larunbatean, irailaren 25ean eta 26an, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen 365 Jazz Bilbao zikloaren hotelen eskaintzaren baitan. Emanaldiak 23:00etan hasiko dira, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   Claudio Constantini bandoneon jotzailea da taldeko liderra. Finkatuta dauden bi genero batzea da taldearen proposamena, eta emaitza, berriz, "musika indartsua bezain dinamikoa eta berria". Boskotearen musika "barren-berrenekotik abiatu eta erabat lehergarria izatera heltzen da", tangoaren eta jazzaren sentsazioak sortu eta irudiak gogorarazita.

   Jazza zein tangoa antzeko garaian eta inguruabarretan sortu ziren, eta euren jatorrizko hiriek, alegia, Buenos Airesek, Montevideok eta New Orleansek, "ateak zabalik zituzten nagusitzera ausartzen zen edozein eragin jasotzeko".

   Claudio Constantini taldeko liderrak taxututako musika jotzen dute. Bandoneon jotzailerik ezagunenetakoa da, eta proiektu honetan, musikari zailduak eta kalitate handikoak ditu lagun: Federico Lechner pianista, Toño Miguel kontrabaxu joytzailea, Hernan Hock gitarra elektrikoarekin eta Andrés Litwin bateria jotzen.

   365 Jazz Bilbao zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikako programazio egonkorra dauka NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao Campo Volantín eta Silken Indautxu hoteletan. Kontzertuak ostiral eta larunbat gauetan izaten dira, dohainik, tragoa hartzea nahikoa baita kontzertuaz gozatu ahal izateko.