Jesus Mari Lazkanok diseinatu du 76. Musika Hamabostaldiko kartela

Jesus Mari Lazkanok egindako irudia
JESUS MARI LAZKANO/MUSIKA HAMABOSTALDIA
Actualizado: miércoles, 4 marzo 2015 17:11

DONOSTIA, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Haizeak astintzen duen itsaso amorratu batetik ikusten den Donostia da Jesus Mari Lazkano artista gipuzkoarrak Donostiako 76. Musika Hamabostaldiarentzat (abuztuak 1-30) sortu duen kartelaren abiapuntua. Itsaso haserre horren gainean lebitatzen duen biolin arku batekin osatzen da irudia.

Lazkanok berak azaldu duenez, "kartelak kontrakoen arteko topaketa bilatzen du. Itsasoaren indarkeriak arkuaren arintasunarekin sortzen duen kontrastea. Haizeak itsasoa astintzen du. Musika dakarkigun haizea da; deskubritu beharreko soinu berriak iradokitzen dizkiguna. Biolinaren arkua, bere aldetik, fina da, sotila, gure sormena bideratzeko balio duen tresna, errealitatearen beste maila batera garamatzana".

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatean trebatu zen, eta 1985az gero pinturako irakaslea da fakultate horretan. Bere karrera artistikoa irakasle lanarekin aldizkatzen du.

Tradizio errealistan ondo sustraitua dagoen pintura molde bat landu du. Margolari perfekzionista da, xehetasun zalea, eta errealismo berberaz margotu ditu Erroma inperialaren hondakinak, lorategi klasikoak, New Yorkeko zeruorratzak, Euskal Herriko industria hondakinak edota itsaso nahiz mendi asmatuak.

"Hausnarketara bultzatzen duen eta emozioei atea zabaltzen dien eraikuntza intelektuala da koadroa", azaldu du artistak. "Pintura on batek sotila eta anbiguoa behar du izan, ikuslea harrapatzeko eta margolariaren lana osatzera gonbidatzeko", gaineratu du.

Musika Hamabostaldiak 76. edizioaren irudia diseinatzeko egindako gonbidapenari dagokionez, zera dio Lazkanok: "Gauza bikaina da artista garaikideak gonbidatzea Hamabostaldiaren kartela egitera, sortzaileak aukera baitu bere kezkak -nire kasuan, esate baterako, paisaia ikusteko eta ulertzeko dudan modua-, berez arte galerietara joateko ohiturarik ez duen edota nire lana ezagutzen ez duen jendearengana helarazteko aukera ematen baitu. Egiaz interesgarria da Hamabostaldiaren kartelak egiten duen dibulgazio lan hori".

Jesus Mari Lazkanok banakako erakusketa asko egin ditu AEBetan, Suitzan, Indonesian, Espainian edota Italian, eta kartel honekin Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artisten zerrenda luzean sartzen da, non, besteak beste, izen hauek ageri baitira: Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias.