Jesus Mari Lazkanoren artelan baten gordailua egin dio Bilboko Udalak Arte Ederren Museoari

Lazkanoren "Bilbao MMX" Arte Ederren Museoan Ikusi Ahal Izango Da
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Actualizado: miércoles, 4 mayo 2011 20:01

BILBO, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Jesus Mari Lazkano margolari bergararraren artelan baten komodatu-kontratua sinatu da gaur Bilboko Arte Ederren Museoan, Udalaren eta Arte Ederren Museoa Fundazioaren artean. Komodatu-kontratua bi aldeen akordio bidezko erabilera-lagapen mugagabea. Artelana Bilboko Udalaren jabetzakoa da.

Akordioa Bilboko alkate Iñaki Azkunak eta Arte Ederren Museoaren zuzendari Javier Viarrek sinatu dute, Jesus Mari Lazkano margolaria bera ere bertan zela.

"Bilbo MMX" lana da, Lazkanok 2010ean pintatutako mihise monumentala (125 x 720 cm). Hain zuzen ere, Bilbok Shanghaiko Erakusketa Unibertsalean zeukan erakusketa-gunerako sortu zuen, eta gaurtik aurrera Bilboko Arte Ederren Museoko bisitariek ikusi ahal izango dute, auditoriumeko atondoan.

Euskal artistaren lan panoramiko honek Bilboko Itsasadarrean zehar eraikitako mugarri arkitektoniko nagusiak jasotzen ditu, iraganekoak, orainaldikoak zein etorkizunekoak. Duela gutxi museoak Lazkanoren azken aldiko ibilbideari eskaini zion erakusketan ikusi ahal izan zen bezala, Lazkanoren figurazioak arkitekturak eta paisaiak islatzen ditu modu zehatzean egindako oinarri hiperrealistako konposizioetan, ia-ia argazkien erako errealitatea lortuz.

Kasu honetan, Bilboko inguru naturala islatzen du eta, horrekin batera, erreferentzia arkitektoniko ugari jasotzen ditu Artxanda mendiko hegaletatik, denak ere goitik begiratuta. Beraz, lan hau Lazkanoren azken aldiko pinturarekin dago erlazionatuta, bai eta Bilbon, Madrilen, Gasteizen, Gernikan edo Leioan horma-irudien egile gisa egin duen lan handiarekin ere.