Jet Lag Bio Bilbao Urban Expressions jaialdiak Jet Lag Flashak ekimenean izena emateko epea irekita du

Jet Lag Flash ekimena
BILBAOJETLAG.NET
Actualizado: martes, 15 marzo 2011 13:34

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Jet Lag Bio Bilbao Urban Expessions jaialdiak zabaldu du Jet Lag Flashak ekimenaren bigarren deialdian parte hartzeko epea. Horren barruan, aukera ematen zaie 16 eta 30 urte bitarteko gazteei eszenatoki urbanoan formatu txikiko lanak -eszenikoak eta ikus-entzunezkoak- erakusteko.

Jet Lag Flashak Jet Lag Bio 11 Bilbao Urban Expressions programaren barruan dago. Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak antolatzen du eta bere helburua gazteen eta gazte-taldeen ekimenak eta adierazpideak bultzatzea da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, gaiak libreak dira eta edozein diziplinatan egin daitezke: performance, dantza, musika, antzerki, antzerki musikal, poesia errezitaldi, zirku, magia, film labur edo interneterako miniserieak.

Lanak aukeratzeko batzordeak, gehienez ere, 20 proposamen aukeratuko ditu bidaltzen diren guztien artean. Aukeratuko lanak jendaurrean jarriko dira maiatzaren 26an eta 27an, eta irailaren 8an, 9an, 22an eta 23an, Bilborock aretoko eszenatokian eta Jet Lag Fest 11 jaialdiaren laugarren edizioaren barruan. Izan ere, proposamen horietako batzuk hiri-adierazpideen jaialdiaren barruan aurkeztuko dira, hain zuzen ere, irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an.

Ekimenak jasotzeko epea martxoaren 31ra bitartean dago zabalik. Lanak aurkeztu nahi dituzten pertsonek jaialdiaren web-orrian (www.bilbaojetlag.net) dagoen fitxa bete behar dute. Fitxa antolatzaileei helarazteko, ordea, posta elektronikoa erabil daiteke (info@bilbaojetlag.net), edota Gazteen Ekimenak Sustatzeko Zerbitzura joanda (Zabalgune plaza.

Musikaren arloko lana aurkezten bada, izena emateko fitxarekin batera, lana MP3 formatuan ere aurkeztu behar da, sustatzaileek interpretatuta. Ekimen bat baino gehiago aurkez daiteke eta, horrelakoetan, ekimen bakoitzerako fitxa bat beteko da. Apirilaren 11n argitaratuko da www.bilbaojetlag.net webgunean aukeratutako proposamenen zerrenda.

Antolatzaileek aukeratutako lanak erakusteko eszenatokia, material teknikoa (hartune elektrikoa, soinu- eta argi-ekipoa, proiektorea eta pantaila) eta oinarrizko backline-a (baxurako eta gitarrarako anplifikadorea, eta oinarrizko bateria) eskainiko dizkiete Flashak proposamenak aurkezten dituzten pertsonei edo taldeei. Laguntza teknikorako langileak ere jarriko ditugu euren esanetara (soinua, argiak eta errejidorea).

Iaz, Jet Lag Flashak ekimenaren lehenengo edizioan, 16 proposamen aurkeztu ziren: musika-emanaldiak (rock-a, blues-a eta rap-a), performance-ak, dantza eta perkusioa. Ekimen horiek oso harrera ona izan zuten.

Jet Lag Bio 11 programa Jet Lag Fest 11 jaialdiarekin bukatzen da. Jaialdi horrek, programazio zabal eta erakargarriaz gain, urte osoan sustatu diren ekimen guztiak erakutsiko ditu. Horien artean, formatu txikiko proposamenak, orain aurkezten den Jet Lag Flashak deialdian aukeratuko direnak; Jet Lag Ideiak lehiaketako proposamenak ere erakutsiko dira.

Jet Lag Bloggers programaren bitartez blogarien talde bat aukeratuko da, eta horiek eta Jet Lag Ideiak eta Jet Lag Flashak deialdietan aukeratutakoek edizio honetan gertatzen den guztia kontatuko dute sarean. Parte hartzeko oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko orria eskuratzeko, www.bilbaojetlag.net webgunera jo daiteke.