Joan Martí i Castell ohorezko euskaltzainak diploma jasoko du Donostian, ostiral honetan

Joan Martí i Castell
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 10:10

DONOSTIA, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

Joan Martí i Castell ohorezko euskaltzainak Akademiaren ikurra eta diploma jasoko ditu ostiral honetan, abenduaren 19an. Ekitaldia eguerdiko 12:30ean izango da, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Lehenago, goizeko 10:00etan, osoko bilkura egingo du Euskaltzaindiak Donostian; hortaz, euskaltzainak ekitaldian izango dira.

Akademiak gogorarazi duenez, 2014ko maiatzaren 30ean Donostian egin zuen osoko bilkuran, 12 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.

Guztiek jaso zuten diploma uztailaren 18an Bilbon eginiko ekitaldian, Joan Martík izan ezik, orduko hartan ez baitzuen egoterik izan. Datorren ostiralean, beraz, jasoko ditu dagozkion diploma eta ikurra. Bestalde, Institut d'Estudis Catalans erakundeari buruzko mintzaldia emango du.

Joan Martí i Castell Tarragonan (Katalunia) jaio zen, 1945ean. Bartzelonako Unibertsitateko eta Erromako La Sapienzako Unibertsitateko doktorea da (Filologia Erromanikoan eta Lingue e Letterature Staniere-an, hurrenez hurren), eta Hizkuntzalaritza Diakronikoan, Hizkuntzen Historia Sozialean eta Soziolinguistikan eta Lexikografian aditua.

Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatearen sortzaile, bertako lehen errektorea izan zen, bai eta Filologia Katalanaren saileko zuzendaria ere. Kataluniako eta Italiako beste hainbat unibertsitatetan ere irakasle aritu da.

Institut d'Estudis Catalans erakundeko kide osoa da, eta 2002tik 2010era bertako Secció Filològica saileko burua izan zen. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, katalan hizkuntzaren historia, gramatika eta erabilerari buruz, bai eta artikulu ugari ere. Bernard Etxepareren 1545eko "Linguae Vasconum Primitiae" liburua katalanera itzuli du (2013ko abenduan, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak aurkeztua). Hainbat sari jaso du, besteak beste, Tarragona Hiriko domina, eta hiri bereko Rovira i Virgili Unibertsitatearena ere.