John Abercrombie eta Dianne Reeves, Getxoko 41. Jazzaldian

Dianne Reeves abeslaria
GETXO JAZZ
Actualizado: martes, 14 marzo 2017 10:51

   BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Getxoko 41. Jazzaldia ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko da eta iragarri ditu saio nagusietako izen batzuk. John Abercrombie eskarmentu handiko gitarrista ekainaren 29an arituko da, eta Dianne Reeves egungo jazzaren ahots handienetariko bat uztailaren 1ean. Jaialdiko saio nagusien eskaintza beste hiru kontzerturekin osatuko da, eta horri Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak eta jam session saioak gehituko zaizkio.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, John Abercrombie (1944, Port Chester, New York) jazz eszenaren gitarra maisu ospestsuenetarikoa da. Berklee College of Music ospetsuan ikasi zuen eta 1960eko hamarkadan Johnny Hammond Smith organistaren bandan eta Brecker Brothers taldean aritu zen. Ondoren, New Yorkera joan zen bizitzera eta berehala hasi ezagun egiten eta artista ospetsuekin joetzen, esaterako, Gil Evans, Gato Barbieri, Barry Miles eta Billy Cobhamekin.

   1970eko hamarkadan bakarka jotzen hasi zen. "Timeless" diskoa kaleratu zuen Jan Hammer eta Jack DeJohnetterekin elkarlanean eta jarraian "Gateway", "Arcade", "Abercrombie Quartet" eta "M" grabatu zituen. Marc baxu jotzailea eta Peter Erskine bateria jotzailearekin gitarra sintetizatzailearekin esperimentatu zuen, eta 1987 eta 1989 artean hiru disko grabatu zituen.

   Ordutik hona Abercrombiek bide berriak zabaltzen eta jazz munduko artista handiekin oihartzun handiko lanak kaleratzen jarraitu du, adibidez, "39 Steps". Getxon, gitarra jotzaile estatubatuarrak Marc Copland (pianoa), Joey Baron (batería) eta Drew Gress (baxua) izango ditu lagun taula gainean.

DIANNE REEVES

   Bestalde, Dianne Reeves (1956, Detroit, AEB) jazz eszenako abeslari arrakastatsuenetariko bat da. Bost Grammy sari eskuratu ditu, horietako hiru jarraian 2001, 2002 eta 2003an, Ahots Interpretazio Oneneko sailean. Izen handiko artista eta taldeekin aritu da, esaterako, Wynton Marsalis, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa eta Berlingo Filarmonikoarekin.

   Los Angelesen hasi zuen jarduera profesionala 1976an. Laster nabarmendu zen estudioan eginiko lanarengatik Lenny White, Stanley Turrentine eta The Latin Ensemble bezalako artista eta bandekin. Jarraian musika harreman luzea mantendu zuen Billy Childsekin, eta Night Flight taldearekin, Sergio Mendes musikariarekin eta Phil Moore musikagilearekin ere elkarlanean aritu zen.

   "Welcome To My Love" eta "For Every Heart" diskoekin publiko eta arrakasta handia lortu zuen, eta horien ondoren "Dianne Reeves" eta arrakasta handiko "I Remember" kaleratu zituen, biak Blue Note diskoetxearekin. Orain arte egindako azken diskoa "Beautiful Life" da, 2015ekoa, eta Ahots Jazzaren Disko Onenari emandako Grammy saria irabazi zuen horri esker.

TALDE LEHIAKETA

   Biotz Alai plazako kontzertu nagusien aurretik zaleek Talde Lehiaketako saioez gozatzeko aukera izango dute aurten ere. Bertan jazz talde gazteak ariko dira. Aurten honako talde hauek izango dira finalean: Adam Jarzmik Quintet (Polonia), Malstrom (Alemania), Sun-Mi Hong Quintet (Hego Korea-Italia-Erresuma Batua) eta Claudio Jr. de Rosa Jazz Quartet (Italia-Grezia-Espainia-Lituania).

   Ohikoa denez, hautatutako taldeek jaialdiaren lehenengo lau egunetan joko dute eta irabazleak berriro azken egunean. Diru sariaz eta zuzenean grabatutako diskoaz gain, irabazleek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Ibizako Eivissa Jazz jaialdietan jarduteko aukera izango dute Getxo Jazzek jaialdi horiekin dituen akordiei esker.