Jolasean euskaraz aritzeko Parketarrak ekimena Donostiako 11 auzotan egingo da

Actualizado: martes, 7 marzo 2017 14:35

DONOSTIA, 7  (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeek hiriko 11 auzotara eramango dute aurten Parketarrak egitasmoa. Ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da, Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez.

Urtxintxa aisialdi eskolak burutuko duen egitasmoa bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Horrela, egitasmoaren lehen txandak astelehenean hasi zen eta martxoaren 31ra bitartean iraungo du, Donostiako plaza eta parke anitzetan jolasak antolatuz. Egitasmoa doan eskainiko da.

Iaz "oso harrera ona" izan zuen egitasmoak. Zabu-Zibu programan 1.145 bat haurrek eta 553 gurasok parte hartu zuten, eta Txirrintxon programan 1.066 haurrek. Egitasmoaren arrakasta ikusita, aurten ere 11 auzotan egingo da: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Igeldo.

Donostiako 11 auzo horietan euskara batzordeak sortu dira eta plangintza bat prestatu dute euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da, eta horretarako Parketarrak ekimena "oso eraginkorra" dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek. Aurten lehen aldiz Loiolan ere egingo da Parketarrak.

Horrela, urte osoan zehar, hiru txandatan banatuta (martxoan, maiatzean eta urrian), 11 auzo horietan egingo da Parketarrak. Txanda bakoitzak lau saio izango ditu (astero bat), 3-5 urte bitarteko haurrentzat bata eta lau 6-9 urtekoentzat bestea.

Goiaren hitzetan, ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da, "jolasak lagungarriak" baitira xede horretarako, "jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik". "Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da", azaldu du.