Ha-Joon Chang ekonomialaria produkzioak garapenean duen zereginaz mintzatuko da Bilbon

Actualizado: viernes, 24 abril 2015 13:36

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Ha-Joon Chang ekonomialariak "Garapenaren diskurtsoa berregituratzen: ekoizpenaren zeregina" hitzaldia eskainiko du datorren astelehenean, apirilaren 27an, arratsaldeko 18:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Areto Nagusian, Bilbon.

   EHUk jakinarazi duenez, Joon Chang munduko ekonomialari garrantzitsuenetakoa da, garapenerako ekonomian aditua, eta erakunde ekonomia berriaren paradigmapean kokatzen da. Hegoak Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak antolatutako hitzaldia Kapuscinski Development Lectures Europako programaren baitan egingo da. Sarrera doakoa izango da eta zuzenean itzulita entzuteko aukera egongo da.

   Ha-Joon Chang Cambridgeko Unibertsitateko Ekonomia irakaslea da eta hainbat aldizkaritan argitaratutako artikuluez gain, 15 liburu kaleratu ditu, besteak beste, "Kicking Away The Ladder", "Bad Samaritans" edo "23 Things They Don't Tell You About Capitalism eta Economics: The User's Guide".

   Bere idazkiak 36 hizkuntzetara itzuli eta 39 herrialdetan argitaratu dira. Nazioartean, bere liburuen 1,8 milioi ale saldu dira. 2003ko Gunnar Myrdal Saria eta 2005eko Wassily Leontief Sariak jaso ditu. Garapen ekonomiaren alorreko literaturan aipamen gehien duen ekonomialarietako bat da. Munduko Bankurako, Europako Inbertsioetarako Bankurako, eta Oxfam eta Nazio Batuen zenbait agentzietarako aholkularitza lanak egin ditu, eta Washington D.C. hiriko Center for Economic and Policy Research erakundeko kidea da.

   Kapucinski Development Lectures ekimenak Europako Batasuneko ikasle eta publikoari garapenaren inguruko gaiez eztabaidatzeko aukera eskaintzen die. Gaiak, besteak beste, klima aldaketa, giza eskubideak, garapenerako laguntzaren eraginkortasuna, Europa eta Afrikaren arteko harremanak eta Milurteko Garapen Helburuak dira. Lehen mailako ekitaldi honek ekarpena egin nahi die Europako garapen politiken inguruko eztabaidari eta hauen formulazioari.