Jose Maria Pou "Socrates" izango da Bilboko Arriaga antzokian

Jose Maria Pou
DAVID RUANO
Actualizado: miércoles, 27 enero 2016 13:46

BILBO, 27  (EUROPA PRESS)

   Bilboko Arriaga antzokiak lehen mailako antzezlez osatutako taldea hartuko du asteazken honetatik larunbatera bitartean, guztien buru Jose Maria Pou dela, "Sócrates, juicio y muerte de un ciudadano" antzezlanean. Mario Gasek (lanaren zuzendaria) eta Alberto Iglesiasek idatzi dute antzerkiko testu berria. Asteazken, ostegun eta ostiraleko emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta larunbatean, aldiz, bi emanaldi izango dira, 18:00etan eta 21:30ean.

   Alberto Iglesias bera antzezle taldeko kide ere bada, Carles Canut, Guillem Motos, Amparo Pamplona, Ramon Pujol, Pep Molina eta Pourekin batera. Pouk antzeztuko duen Sokrates Atenaseko filosofoari egindako epaiketa antzeztuko dute guztiek taula gainean. Herrikideek Sokrates epaitu eta zigortuko dute, Atenaseko ustelkeria salatu eta erlijio ofizialak sineskeria eta manipulazioa bultzatzen dituela ohartarazi duelako.

   Jainkoak mespretxatzea eta gazteak bide okerretik eraman izana leporatu arren, Sokratesek ez zuen ihes egin nahi izan, jarraitzaileek eskatu zioten bezala, zikuta kopa bat edatera zigortu zutenean, eta bere heriotza historiako heriotzarik ospetsuenetakoa bilakatu zen.

   "Sócrates, juicio y muerte de un ciudadano" Mario Gasek eta Alberto Iglesiasek idatzi duten testua da, eta bertan, egileek berreskuratu duten pertsonaia "izaki bitxia eta arriskutsua da edozein motako hipokrisiarentzat, norbanakoena, taldeena edota estatuena izanda ere, ustez demokratikoa ere izan arren".

   Sokrates antzinako Atenaseko pentsalari ezagunenetakoa eta Platonen maisu izan zen. Mendebaldeko pentsamenduaren aitatzat hartzen da. Ez zituen bere pentsamenduak idatzi nahi izan, pertsona bakoitzak bere pentsamenduak garatu behar zituela uste zuelako.

   "Sócrates, juicio y muerte de un ciudadano" lanak izen handiak izango ditu eszenatoki gainean, baina baita oinarrizko bestelako alorretan ere, besteak beste, eszenografian eta jantzietan. Horrela, Paco Azorinek egin du Teatre Romearen, Festival de Teatro Clásico de Méridaren eta Bartzelonako Grec 2015 Festivalaren ekoizpen lan honetarako diseinu eszenikoa, eta jantziak Antonio Belartek egin ditu.

   Sarrerak 8,50 eta 25 euro artean erosi daitezke www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan eta Arriaga antzokiko txartel lehiatiletan, aurretiazko salmenta ordutegian.