Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina hil da, 88 urte zituela

Joseph Camino ohorezko euskaltzaina
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: lunes, 6 julio 2015 13:41

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Joseph Camino ohorezko euskaltzaina hil zen joan den larunbatean, uztailaren 4an, 88 urte zituela. Apaiza eta idazle, 'Pan Pin' aldizkaria sortu zuen. Bere aldeko hileta elizkizuna datorren asteazkenean, hilaren 8an, izango da, arratsaldeko 15:00tan, Kanboko (Lapurdi) elizan, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.

   Joseph Camino Hasquet Arnegin (Nafarroa Beherea) jaio zen, 1927ko otsailaren 7an. Arnegiko, Hazparneko, Uztaritzeko eta Baionako seminarioetan burutu zituen ikasketak, eta 1951ean apaiztu zen. 1953. urtean, Ipar Euskal Herriko umeen eta gazteen aholkulari jardun zuen, eta urte berean, Euskaltzaleen Biltzarraren idazkari hautatu zuten. Euskal Herriko Koralen Abesbatzaren buru ere izan zen.

   'Pan Pin' hilabetekaria sortu zuen. Haurrentzako komiki aldizkaria zen eta 'Zeruko Argia' aldizkariak argitaratu zuen, 1960tik 1970era bitartean. 'Etxea', 'Gazte', 'Otoizlari' eta 'Herria' aldizkarietan ere idatzi izan du. 2008an, "Herria maitez, Eliza maitez" liburua argitaratu zuen.

   1965ean, Baionako apaiz nagusi hautatu zuten eta lau urte geroago, 1969an, Hazparneko misiolarien buru. Era berean, Hazparneko apaiz nagusi izan zen (1976an), Baionako katedraleko apaiz nagusi (1982an), Seminarioko buruzagi (1987an), Ipar Euskal Herriko bikario nagusi (1990ean) eta apaiz laguntzaile Getarian (Lapurdi), 2002an.

   Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 2004ko azaroaren 26an, ohorezko euskaltzain. 2014ko azaroaren 29an, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Parrapean-Komiki Egunak jardunaldietan "Parrapean" izeneko saria eman zioten, 'Pan Pin' aldizkaria sustatzeagatik. Esan bezala, aldizkaria Zeruko Argiak argitara eman zuen eta haurrentzako komiki aldizkaria izan zen.

   Omenaldian, ekimenaren antolatzaileek azpimarratu zutenez, "garai horretan, euskara hezkuntza sisteman baztertuta zegoen eta komunikabideetan ia ez zen ikusten. Beraz, traba asko gainditu behar izan ziren, komiki hark argia ikus zezan".