Joshua A. Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da

Joshua A. Fishman Euskal Herrian, 1989an
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 3 marzo 2015 17:09
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Joshua A. Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil zen martxoaren 1ean, 89 urte zituela. Euskal Herrian batez ere hizkuntza soziologiaren aita ponteko gisa da ezaguna, baina jakituria eremu zabalagoak landu zituen. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2010eko urtarrilaren 29an, Akademiak gogorarazi duenez.

   Hizkuntza gutxituen gainbeherakada eta bizirik irauteko arazoak hobeto ulertzeko, beste hainbat hiztun elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu zuen mundu osoan. Hizkuntza horietako bat euskara izan zen, eta Euskal Herriarekin hainbat harreman izan zituen. Hala, euskararen egoerak isla izan zuen bere hainbat liburutan, bereziki "Reversing Language Shift..." liburuan, non frisierari eta euskarari kapitulu osoa eskainia zien.

   Joshua Fishman (1926) judu-amerikarra New Yorkeko Yeshiva Unibertsitateko ikerketarako katedradun emeritoa zen. Bere ikergaien artean honako hauek aipa litezke: hizkuntza soziologia, hizkuntza eta etnizitatea, hizkuntza plangintza, hezkuntza elebiduna, yiddish hizkuntza eta, azkenik, antropologia medikoa.

   Idazle eta irakasle emankorra zen oso, bai bakarkako lanean eta bai berak bultzatutako lantalde ugarietan. Ekoizpen nabarmenen artean, aipatzekoa da berak sortutako 'International Journal of the Sociology of Language' aldizkaria, jadanik 35 urte dituena (berau delarik hasieratik arduradun).

   Halaber, egile edo bildumagile gisa argitara eman zituen dozenaka libururen artean, honako hauek aipa litezke: "Language Loyalty in the United States" (1966), "Bilingualism in the Barrio" (1968), "Language & Nationalism: two integrative essays" (1972), "The Rise and Fall of the Ethnic Revival" (1985), "Reversing Language Shift: Theory and Practice of Assistance to Threatened Languages" (1991), "In Praise of the Beloved Language; The Content of Positive Ethnolinguistic Consciousness" (1997) eta "DO NOT Leave Your Language Alone: The Hidden Status Agendas Within Corpus Planning in Language Policy" (2006). Liburuez gain, artikulu ugari ere eman zituen argitara.

HIZKUNTZA TXIKIAK

   Txikitatik, etxetik, hiztun elkarte txiki bateko (yiddish hizkuntzaren) hiztuna izanik, hizkuntza horren gainbeherakada eta bizirik irauteko arazoak hobeto ulertzeko, beste hainbat hiztun elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu zuen mundu osoan.

   Hizkuntza horietako bat euskara izan zen. Horrela, Euskal Herriarekin hainbat harreman izan zituen, lehen bisitak 1980ko hamarkadan eginez.

   Ikastaroak eta hitzaldiak eman zituen Hizkuntza Plangintzazko jardunaldian, Euskal Mundu Biltzarrean edo Euskal Eskola Publikoaren lehen bilkuran, eta euskararen egoerak isla izan zuen bere hainbat liburutan, bereziki aipatutako "Reversing Language Shift..." liburuan, non frisierari eta euskarari kapitulu osoa eskainia zien.