Josu Bergara kantautore bizkaitarraren "Nora zoaz?" diskoa munduko hainbat herrialdetara iritsi da "CD crossing"-i esker

"Nora zoaz?" diskoa Parisen
JOSU BERGARA
Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 14:56

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Josu Bergara kantautore bizkaitarrak argitaraturiko "Nora zoaz?" diskoa munduko herrialde ezberdinetara heldu da "CD crossing" delako ekimenari esker. 2010eko uztaiean martxan jarri zen ekimen honen bidez, diskoa mundu osoko hirietara heldu da, hala nola Tokioko metrora, Moskuko Plaza Gorrira, Argentinako Perito Moreno glaziarrera, Miamiko Jai Alai frontoira edo Zeelanda Berriko Wanaka lakura.

Liburuak elkartrukatzeko ezaguna egin den "Bookcrossing" ekintzan oinarritzen da Eako musikariaren "CD crossing" proposamen berria. Hain zuzen, "bookcrossing" izenekoa liburuak parke, liburutegi, garraiobide eta beste gune publiko eta zabaletan uztean datza, edonork aurkitu eta etxera eramateko.

Musikariak berak azaldu duenez, "CD crossing" ekimenaren kasuan, bere lagun eta ezagunek euren bidaietan diskoak munduko toki ezberdinetara eraman dituzte. Horrela, auzolanean, 30etik gora lagunek hartu dute parte hurrengo prozedurari jarraituz: diskoa maletan sartu, bidaian zehar bisitatutako hiri zein herriko leku bitxietan diskoak lagatzeko edo hango biztaleei eskura emateko.

"Nora zoaz?" diskoaren aleak topatuko dituztenak, diskoaren atzekaldean ekimena ingelesez azaltzen duen pegatinan hurrengo mezua irakurriko dute: "CD crossing Josu Bergara is a singer song-writer from Basque Country (Europe). If you find this CD you can listen,

copy or donate it. This is an experimental way to share Basque music all over the world. You can let your opinion or get more info in: www.josubergara.com".

Gainera, "CD crossing" ekimenean parte hartu dutenek hainbat argazki atera dituzte aireportuetan, parke naturaletan, hondartza zein eraikin ezagunen aurrean. Lehen parte-hartzailea, Japonera bidaiatu zuen Iñigo eskoriatzarra izan zen. Tokioko metroan bertan, Osakan eta beste zenbait hiritan utzi zuen diskoa. Geroago, Karlos eta Amaia bilbotarrei esker, diskoa Moskura heldu zen. Gaur egun, 30 parte-artzaile baino gehiago euren laguntza eskaini dute, azken argazkiak Oman eta Kuwait herrietatik heldu direlarik.

SARE SOZIALAK

Ekimena pixkanaka hazten joan da sare sozialen bitartez. Era honetan, Josu Bergarak bere facebook orrialdean www.facebook.com/josubergaramusika argazki guztiak ikusgai jarri ditu eta twitter kontuan #cdcrossing etiketa erabiliz www.twitter.com/josubergara bidaien jarraipena egin du.

Hamar abestiz osatutako lanean euskal kantautore tradizionalen oinarritik hasi eta erritmo eta ildo musikal berrietara aurrerapausoa eman du Eako musikariak. Konposizio lanen erronka nagusia bakarlariaren kantuak hartu eta "talde-abestietan" bihurtzea izan da, eta emaitzan antzematen denez, kantu berriak indarra eta freskotasuna irabazi dute.

Modu honetan, rock, jazz eta bossa soinuekin konposizioak aberastu dituzte; adibidez, "Galdu gara", "Hodei eta euri gehiago" eta "Txikitan" kantuetan saxofoia eta bibolinak pop-rock bandarekin elkartzen dira. Hala ere, kantautorearen xarma edo kutsu berezia ez zuen galdu nahi, eta egileak eta teknikariek "Eneritz" edo "Beldurra" kantuetan esentzia edo izpiritu hori mantentzearen aldeko apustua egin dute.

Era berean, "Lapatzatik" kantua bizkaiko kostaldeko Ea herriaren jendearen omenez egindeko abestia da, eta horrela habanera erritmoa hartuta, mariñelen ingurukoak eta este zenbait istorio kontatzen ditu herri txiki horren bizkaieraz idatzitako hitzetan.

Datozen hilabeteetan, bakarlari bizkaitarrak, Jon Landeta gitarristaren laguntzarekin, "Nora zoaz?" diskoaren abestik akustikoan aurkezten jarraituko du, maiatzaren 14an Londreseko euskal elkartean eta maiatzaren 27an Laudioko (Araba) Basalarrina elkartean, besteak beste.