Josu Bergarak zuzeneko diskoa grabatuko du Bilboko Kafe Antzokian

Josu Bergara kantautore bizkaitarra
Foto: JOSU BERGARA
Actualizado: martes, 19 mayo 2015 13:46

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Josu Bergara kantautoreak bere disko berria zuzenean grabatuko du ekainaren 18an, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. "Karramarroen Hiria" (Autoedizioa, 2006), "Nora zoaz" (Autoedizioa, 2009) eta "Katiuska gorriak" (Taupaka elkareta, 2012) diskoak argitaratu ondoren, eta Euskal Herriko zein Bartzelona, Madril, Valentzia, Girona, Alacant eta Londres moduko hirietan zuzeneko kontzertuak eskaini ostean, Eako (Bizkai) musikariak disko berria prestatzen hasi da.

   Bergararen laugarren lana izango denak "Kanta txikien indarra" izenburua izango du, eta Nerea Alberdi (biolina), Mikel Nuñez (pianoa), Txema Arana (bateria) eta Daniel Gonzalez (baxua) musikarien laguntzarekin Bilbon zuzeneko berezia eskainiko du. Gaizka Peñafiel trikitilaria, Maria Rivero eta Mikel Markez abeslariak ere parte hartuko dute disko berrian.

   Musikariaren beraren hitzetan, lan berrian "erronka bikoitzari" aurre egingo diote. "Alde batetik abesti berriak publiko aurrean aurkeztuko ditugu, eta bestetik kontzertua zuzenean grabatuko dugu. Ondorioz, ez dugu estudioko tranparik izango diskoan, eta bertan entzungo dena zuzenekoa izango da. Modu adierazgarrian, bizian eta gertukoan", esan du.

   Damien Rice, Glen Hansard, Herman Dune edo Ray Lamontagneren ahotsak eta doinuak gogoraraziz, "melodiaren garrantzia eta letretan kutsu poetikoa ederki islatzen dira" Josu Bergararen musikan.

   Pau Alabajos, Aiert Erkoreka (Extremoduro), Roberto Crespo (Ke No Falte), Napoka Iria, Axular Arizmendi (Nahixan), Marc Ramiá, David Sanchez edo Nerea Alberdi (Dr. Maha's Miracle Tonic) musikariekin kolaboratu du Josu Bergarak. Horrez gain, bere musika ezagutzera emateko bideoklip ezberdin eta deigarriak landu zituen aurreko diskoetan, Iñigo SBeltza zuzendariarekin batera, eta Athletic Clubekin lotutako bi abesti egiteagatik ere ezaguna egin da: "Gure Kanta" eta "Aitxitxen bufandie".