Joxe Lasa "Axeigorri" trikitilaria zendu da, 87 urte zituela

Joxe Lasa
EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA
Actualizado: martes, 5 enero 2016 11:27

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Joxe Lasa "Axeigorri" soinu jotzailea hil zen astelehenean, 87 urte zituela. Oiartzungo (Gipuzkoa) Gurutze auzoko Axeigorri baserrian jaio zen 1928an, auzo bereko Altzi baserrian ezkondu zen eta bertan hil da, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenez.

   Bere osabarengandik ikasi zuen zortzi urterekin hasita soinua jotzen, harek oparitu zion Hohner txiki batekin musikarako abila zela ikusita. Gaztetan Oiartzun inguruko baserri ezkontzetan eta erromerietan ibili zen batzuetan amak panderoa jotzen lagundurik. Ezkondu ondoren, ordea, soinu jotzeari utzi zion urte batzuetan.

   Heldua zenean, berriz, familia dantza zalekoa izaki eta trikitixaren harra ezin eutsi, berriz ekin zion soinu jotzeari. Bidasoako eta Oiartzun inguruko erromerietan egin zen ezaguna, Irungo Euskal Jiran urteetan ere parte hartu zuelarik.

   Axeigorren aldeko hileta elizkizuna astearte honetan, urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan izango da, Oiartzungo San Esteban elizan.