Juan Arin Dorronsoro ikerlariaren obrak biltzen dituen liburua aurkeztuko dute datorren asteartean, Ataunen

Publicado: jueves, 7 diciembre 2017 14:23

DONOSTIA, 7 Dic. (EUROPA PRESS) -

Juan Arin Dorronsoro ikerlari ataundarraren obrak biltzen dituen liburua aurkeztuko dute datorren asteartean, abenduaren 12an, Ataungo herri antzokian (Gipuzkoa), ikerlariaren jaiotzaren 125. urteurrenarekin bat etorriz. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, eta bertaratzen diren herritarrei liburuaren ale digitala banatuko zaie.

Arin Dorronsorori egingo zaion omenaldian egongo dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Asier Rodriguez Ataungo alkatea eta Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ataungo Udalak jakinarazi dutenez.

Abenduaren 12an Juan Arin Dorronsoro etnografoaren jaiotzaren 125. urteurrena beteko da, eta Ataungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Aranzadi Zientzia Elkartea testuinguru horretan elkartu dira, bere ikerketa lanak biltzeko eta zabaltzeko, ikertzaileak egindako lan aitzindariari behar duen errekonozimendua bultzatzeko helburuarekin.

Juan Arin Dorronsoro (1892-1972) Ataungo Telleriazpi izeneko baserrian jaio zen. Dokumentalista, etnografo eta idazle aipagarria, XX. mende hasieran ekin zion 50 urtetik gorako ikerkuntza jardunari. Ataunen eta ingurumarian burutu zituen ikerketak, eta bere lana 1926tik 1970era luzatu zen. Berak bildutako edukiak eta testigantzak "deskribapen etnografiko borobil bihurtu zituen".

"Garai bateko bizimoduaren atalak, berak ikusiak eta ezagutuak, zuzenean bildu eta galtzeko zorian zeudela jakitun zela, ahanzteko arriskutik berreskuratzen eraginkor izaten asmatu zuen", adierazi dute omenaldiaren antolatzaileek.

Datorren asteartean aurkeztuko den liburuak Arin Dorronsorok argitaratutako obra guztiak biltzen ditu eta ikerketa lan zabalago baten lehenengo atala da. Paperezko 50 aleko edizio mugatuarekin batera edizio digitalean aurkeztuko da, sarean hedatzeko erraztasuna emateko. 2018an zehar argitaratu gabeko ikerlanak aztertu, maketatu eta argitaratzeko asmoa dago, guztiarekin Euskal Herriko liburutegi eta artxibo nagusietan zein ikerketa zentroetan behin betiko idazlan bilduma eskuragarri izatea lortu nahi baita.