Juan Claudio Cifuentesek jasoko du 48. Heineken Jazzaldiaren Donostiako Jazzaldia Saria

Juan Claudio Cifuentes
HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: jueves, 14 marzo 2013 13:08

DONOSTIA, 14 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako 48. Heineken Jazzaldiak Juan Claudio Cifuentes jazzaren zabaltzaile ezagunari emango dio Donostiako Jazzaldia Saria. Jazzaren musikari handiak edo jazzaren sustatzaile nabarmenak aintzatesteko sortu zen saria 1994an, eta bigarrenen artean dago aurtengo saritua, komunikabideetan jazza hedatzeko etengabeko lan aitzindaria egin baitu. Ondorioz, arrazoi beragatik sari hori jaso duten Fernando Truebari (2004) eta Pierre Lafonti (2012) batuko zaie.

Juan Claudio Cifuentes, jazzaren zaleen artean 'Cifu' izenarekin ere ezagutzen dutena, jazzaren hedatzaile nagusia izan da Espainian azken lau hamarkadetan. Hedapen-lan hori, batetik, irratiaren bitartez egin du, 42 urtez etengabe irratian egon den "Jazz porque sí" programari esker, eta bestetik, telebistaren bitartez, "Jazz entre amigos" programarekin. Programa hura inork oraindik gainditu ez duen mugarria izan da, bai kalitateagatik, bai ikusle kopuruagatik. Cifuk Ondas sarien epaimahaiaren sari berezia jaso zuen 2010ean, jazza hedatzeko egindako lanagatik.

Jazzaldi donostiarreko arduradunek jakinarazi dutenez, Juan Claudio Cifuentes Parisen jaio zen, 1941ean, baina bere gurasoak espainiarrak ziren. Txikitatik izan zen jazzaren zalea, tradizioz musika horrekiko Europako herrialde harkorrena izan den Frantzian, eta musikari amateur gisa ere aritu zen, bere ikastetxeko jazz talde bateko bateria-jotzaile gisa, batxilergoaren azken urteetan.

1961ean finkatu zen Espainian, eta unibertsitatean hastearekin batera, konturatu zen ezingo zuela perkusioarekiko bere zaletasunarekin jarraitu, bertako musika-talde bakarra tuna baitzen. Kontsolatzeko edo, urte hartan bertan 'Aria Jazz' aldizkari ospetsu eta desagertuarekin lankidetzan hasi zen, eta kolaborazio horrek zortzi urte iraun zuen, aldizkaria jardunean egon zen bitartean. Segituan bihurtu zen bildumagile amorratu, eta jazzaren historian espezializatu zen.

Orduan hasi zen gaur egun oraindik ere mantentzen duen jarduera garatzen: herrialde osoko unibertsitateetan, ikastetxe nagusietan eta kultura-zentroetan jazza hedatzeko hitzaldiak eskaintzen hasi zen, musika-entzunaldiz lagunduta.

1960ko hamarkadaren erdialdera industria diskografikoan hasi zen lanean, eta hala jarraitu zuen 19 urtez hainbat diskoetxetan, esaterako, Hispavox, Acción, Movieplay eta Fonomusic, azken hiruetan nazioarteko zuzendaria izan zelarik. Denbora horretan zenbait jazz disko argitaratzeaz arduratu zen, eta askotan sinatu zituen atzeko azaleko testuak.

IRRATIA

1971n irratiaren munduan sartu zen, Madrilgo Radio Popular-FM (99.5) irrati historiko eta, garai hartan, "nolabait anarkikoan". Bertan izan zen 1974ra arte, eta ordutik gidatzen du "Jazz porque sí" programa, aurten etengabe airean izandako 42 urte beteko dituena.

Programa hainbat irrati-kateren mikrofonoetatik pasa da: Radio España (1974-1982), Antena 3 Radio (1982-1987), Cadena 100 (1987-1998) eta, 1998ko urriaren 1etik gaur arte, RNEko Radio Clásica-n (astero lau orduz). Radio Nacional katean hasteak bigarren programa bat egiteko aukera eman zion, "A todo jazz", larunbatero eta igandero Radio 3 irratian bi orduz.

1984an TVEko bigarren kateak telebistan jazzari buruzko programa bat idazteko eta aurkezteko aukera eskaini zion. Horrela jaio zen "Jazz entre amigos" programa, zazpi urtetik gora astero eman zutena, eta ikusle sendo eta leialak zituena. Oraindik argitu ez diren arrazoiengatik, 1991ko abenduan programaziotik kendu zuten, 350 programa baino gehiago utzita.

Aspalditik, jazz kontzertuak eta jaialdiak aurkezteko eskatzeaz gain, Juan Claudio Cifuentes askotan deitzen dute jazz talde gazteentzako lehiaketetan epaimahaikide gisa jarduteko.

JAZZAREN GIDA

1994an, Egileen Elkarteak Espainiako lehenengo jazzaren gida profesionala antolatzea eta egitea eskatu zion, alegia, orain arte egin den urtekaririk osoena, musikarien, kluben, eskolen, managerren, jaialdien eta abarren informazioarekin.

Gaztelaniara itzuli eta egokitu du (Espainiako jazzari buruzko erreferentzia eta informazio ugari gehituz) G. Arnauld eta J. Chesnel kritikarien "Los grandes creadores del Jazz" liburua (1993). 1995 eta 1996 bitartean astero kioskoetan "El Gran Jazz" izenarekin saldu zen 70 faszikuluko eta diskoko bildumaren testuen autore eta zuzendaritza musikalaren arduraduna izan zen. Geroago bilduma hori Latinoamerikako zenbait herrialdetan (Argentina, Mexiko, Brasil, Txile), Polonian eta Italian argitaratu zuten.

2000-2001 aldian Espainiaren izenean Europako Jazz Orkestra Gaztearen (European Jazz Youth Orchestra) Batzorde Aholkulariaren kide izateko izendatu zuten. Batzordearen egoitza Danimarkan dago, eta lehendakaria bertako eskarmentu handiko jazz musikari bat da, Eric Moseholm kontrabaxu-jotzailea, hain zuzen, eta Europar Batasuneko laguntza ekonomikoari esker, uda guztietan big band bat jartzen du abian (kideak urtero berritzen dira) Europan zehar hiru asteko bira egiteko. Banda 18-20 jazzlari gaztek osatzen dute, normalean 25 urtetik beherakoak eta Europako herrialde ia guztietatik heldutakoak.

2003ko azaroan "Jazz porque sí" irratsaioak Egile eta Editoreen Elkartearen Tete Montoliu Sarien ohorezko saria irabazi zuen, jazzaren sustapenean ibilbide eta konpromiso handiko erakunde edo kolektibo kategorian. 2006ko martxoaren 20tik 25era, Madrilgo Bogui jazz klubak emanaldi bereziak eskaini zituen astebetez "Jazz porque sí" programaren 35. urteurrena ospatzeko.

Azkenik, 2010eko azaroaren 19an, Ondas Sarien 57. edizioan, irratiaren kategorian, epaimahaiaren sari berezia eskaini zioten "Jazz porque sí" programaren bitartez azken lau hamarkadetan egindako jazzaren hedatze- eta dibulgazio-lanagatik.