Juan Luis Moraza eta Pau Alsina, Guggenheim Bilbao Museoaren "Arte eta Zientzia" jardunaldian

Guggenheim Bilbao Museoa
Europa Press
Actualizado: martes, 9 mayo 2017 13:29

   BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   "Arte eta Zientzia" jardunaldiak osatzen dituzten saioetan hirugarrena egingo da ostegunean, maiatzaren 11n, Guggenheim Bilbao Museoan, "Artearen eta zientziaren arteko analogiak ezagutzarako iturri" izenburupean, eta Juan Luis Moraza eskultore eta Vigoko Unibertsitateko irakasle titularra eta Pau Alsina Filosofian doktore eta Universitat Oberta de Catalunyako irakaslea arituko dira. Arteak zientziarekiko duen kognizio dimentsioaz mintzatuko dira bi profesionalak.

   Itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi ezagutza moduren arteko harremanari heltzen diote "Arte eta Zientzia" jardunaldiek. Bi diziplina horien arteko harreman estua publikoari ikusarazteko asmoz, artistak eta hainbat diziplinatako profesionalek parte hartzen dute topaketetan.

   Museo bilbotarretik jakinarazi dutenez, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Kultura Zientifikoko Katedra TopARTE lankidetza programan parte hartzen ari da. Proiektu horren bitartez, museoak bere ateak zabaltzen dizkie Euskadiko erakunde artistiko eta kulturalen jarduerei. Programaren helburua Guggenheim Bilbao Museoak bere ingurune hurbilarekin duen harremana estutzea da, bere XX. urteurrenean.

   Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología erakundeak lagundutako ekimena da. Osteguneko saioa 19:00etatik 21:00etara izango da, Entzungelan. Sarrera dohainik da eta ezinbestekoa da aurretiaz hartzea, txarteldegian edo museoaren webgunean.