Juanma Bajo Ulloak zinematografiari buruzko tailer bat emango du AlhondigaBilbaon datorren astean

Juanma Bajo Ulloak ikastaroa emango du datorren astean Bilbon
AlhondigaBilbao
Actualizado: viernes, 23 septiembre 2011 15:50

BILBO, 23 Sep. (EUROPA PRESS) -

Juanma Bajo Ulloa zinemagile gasteiztarrak zinematografiari buruzko tailer bat emango du AlhondigaBilbao zentroan, irailaren 26tik urriaren 1era arte. Ikastaroa zine edo interpretazio ikasleei dago zuzendurik eta, "El Desafío" izenarekin, Ikasiz AlhondigaBilbaoren hezkuntza-programaren parte da. Programaren oinarriak aniztasuna, dinamismoa eta berrikuntza dira.

Zentro bilbotarreko arduradunek adierazi dutenez, tailerrak ikastaroan bertan erabakiko den argumentu bat izango du abiapuntutzat, eta, horri esker, taldetan banatutako parte-hartzaileek film labur bat egin beharko dute, gidoia idazteaz, ekoizteaz, casting-a egiteaz, lokalizazioaz, filmazioaz eta edizioaz arduratuz.

Lehenengo egunean (astelehena, irailak 26), landu beharreko argumentua erabakiko da, gidoia egingo da eta kargu tekniko-artistikoak ezarriko dira, ikasleen aukeren eta eskarmentuaren arabera. Bigarren egunean (asteartea, irailak 27), gidoia amaitu, eta ekoizpen, casting eta lokalizazio lanak egingo dira.

Hirugarren eta laugarren egunak (asteazkena, irailak 28, eta, osteguna, irailak 29), filmazioari dedikatuko zaizkion. Bosgarren eta seigarren egunetan (ostirala, irailak 30, eta, larunbata, urriak 1) edizioa burutuko da, eta seigarren egunaren amaieran, 20:00etan, film labur bien "estreinaldi ofiziala" egingo da, ikasle eta gonbidatuen aurrean.

Tailerra 10:30etatik 14:30etara eta 16:00etatik 20:00etara burutuko da, eta 150 euroko prezioa du (120 euro hó txartelarekin). Izena emateko AlhondigaBilbaoko Atarian dagoen Infopuntura jo behar da, edo bestela 94 401 40 14 telefonora deitu.

JUANMA BAJO ULLOA

Juanma Bajo Ulloa umea zela hasi zen harremanetan irudiarekin, familiak zuen argazki-denda bati esker. 1984an bere ekoizpen-etxe propioa sortu zuen. Super 8-ko film laburrak eginez ekin zion bere ibilbide zinematografikoari, eta, ondoren, 16 eta 35 milimetroko filmak eginez jarraitu zuen. Hainbat sari eskuratu zituen, besteak beste, film labur bati eman zitzaion lehen Goya Saria, "El Reino de Victor" (1989) lanagatik.

1990 eta 1991 artean, bere lehen film luzea idatzi, ekoitzi eta zuzendu zuen: "Alas de Mariposa". Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu zuen, bai eta hiru Goya ere (Gidoi onenaren saria, Zuzendari berri onenaren saria eta Aktore onenaren saria), mundu osoko jaialdietan eskuratutako bestelako sariez gainera.

Ondoren, "La Madre Muerta" (1993) izeneko lanaren idazle, zuzendari eta ekoizlea izan zen. Filma Veneziako Zinemaldian estreinatu zen eta nazioartean saririk gehien eskuratu duen lana du. 1996an eta 1997an, "Airbag" idatzi eta zuzendu zuen, eta, une hartan, film espainiar komertzialena izan zen.

Ondoren, honako proiektu hauek egin zituen: "Pop Corn" antzerki multimedia ikuskizuna, publizitate iragarkiak eta telebistarako beste lan batzuk; "Fragil" filma, Kairoko nazioarteko jaialdian estreinatu eta jaialdi nazional zein atzerrikoetan lehiatutakoa; "Historia de un grupo de rock" izeneko dokumental luzea, Gijongo Jaialdian estreinatua; ondoren, ibilbide luzea egin du nazioarteko jaialdietatik, eta, halaber, hainbat zarzuela zuzendu ditu Bilboko Euskalduna Jauregirako, esaterako: "La Gran Vía" eta "Agua, azucarillos y aguardiente". Gaur egun, "Azkena Rock Festival" jaialdiari buruzko dokumental luzea filmatzen ari da.

Bere lanek nazioarteko jaialdi nagusietako askotan parte hartu dute, eta, bestelako aintzatespenen artean, zazpi Goya sari eskuratu dituzte, bai eta beste hainbat sari ere, Montreal, Fantasporto, New York, Stockholm, Puerto Rico, Seattle, Kolonia, Sao Paulo, Cognac, Cartagena de Indias, Erroma, Napoli, Montpellier eta abar.