Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoari buruzko Europar Biltzarra, ekainean Donostian

Biltzarraren aurkezpenaren une bat
IREKIA
Actualizado: miércoles, 9 marzo 2016 13:48

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoari buruzko Europako Biltzarra egingo da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroen programazioaren barruan, Donostiako Miramar jauregian, ekainaren 16an, 17an eta 18an. XXI. mendeko justizia sistemen barruko justizia eredu berritzaileei buruzko eztabaidagunea izan nahi du biltzarrak, aurkezpenean azaldu dutenez.

   Biltzarra asteazken honetan aurkeztu da, Miramar jauregian bertan, eta han izan dira Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburua, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiko lehendakaria, Iñaki Subijana Gipuzkoako Auzitegi Nagusiko presidentea, Pascual Ortuño Bitartekaritzaren aldeko Magistratuen Europar Taldearen (GEMME) espainiar sekzioaren sortzailea, Jose Luis de la Cuesta Kriminologiako Euskal Institutuaren zuzendaria eta Maite Zelaia EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordea.

   Justizia leheneratzailearen helburua da gatazka batengatik elkarren aurka dauden aldeen artean komunikazio eremua sortzea, prozeduraren barruan eta hirugarren batek lagunduta, aldeek elkarrekin erantzun bat lan dezaten eta erantzun horrek sortu ahal izan den bidegabeko kaltea konpontzeko beharrak bete ditzan eta, gainera, gizarte konfiantzazko gero eta eremu handiagoetara zabaltzea ahalbide dezan.

   Justizia eredu honen adierazpenik ohikoena bitartekaritza da, arlo zibilean -partikularren arteko gatazkak-, merkataritza arloan -enpresen arteko eta enpresa barruko gatazkak-, arlo penalean -delituak- eta administrazio arloan -auzokideen arteko gatazkak, zaratak, ordenantzak betetzea- garapen bereziak dituenak.

   Justizia terapeutikoak osasun eta justiziako profesionalen arteko jarduketa sinergikorako bideak sortzea ahalbidetzen du, elkarrekin epailearen aurrera eramandako familiarteko gatazka eta gatazka penal askoren oinarrian dauden honelako gaiak arta ditzaten: adikzioak, nahasmendu psikikoak edo emoziozko urratuak.

ARLO KONPLEXUAK

   Oso arlo konplexuetara hedatzen da, besteak beste, dibortzio eta banaketa prozesuetan partekatutako gurasotasuneko estrategiak, laguntza dinamikak ezgaitasuneko prozeduretan edo anomalia psikikoak, eta adikzio toxiko edo alkoholarekiko mendekotasunak dituzten pertsonen erantzukizun juridikoak.

   Justizia eredu bien baterako elementua da, garrantzi berezia ematen diotela justizia emateko moduari, izan ere, herritarrek garrantzi berezia ematen diote azken gai horri epaitegien jardunak beraiengan sortzen duen konfiantza baloratzerakoan.

   Biltzarrean, aukeratutako ardatz tematiko bakoitzari buruzko hausnarketa eta ikerketaren egungo egoera ezartzen duten ponentziak, batetik, eta, bestetik, azken horietan arreta bereganatu duten gai horiei profesionalek aurre egiteko erabiltzen duten moduari egiaztatzera eta etorkizunean tratatzerakoan jarduketa ildo berritzaileak eskaintzera zuzendutako tailerrak izango dira.

   Txostengile ospetsuak bilduko dira, hala nola Esther Gimenez-Salinas, Frieder Dünkel, Loren Walker, Sandra Walklate, Tinneke Van Camp, David Wexler, Antony Pemberton, Heather Strang, Otmar Hagemann eta Adela Asúa. Dagoeneko irekita dago biltzarrerako matrikula (http://restorativejust-eurocongress.com/)