Kalamu kontsumoa eta eskizofreniaren garapena lotzen dituen molekulen mekanismoa identifikatu dute lehen aldiz

Actualizado: domingo, 27 mayo 2018 12:35

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CIBERSAM elkarteak elkarrekin egindako ikerketa batek lehendabiziko aldiz identifikatu ditu kalamua kontsumitu ondoren gertatzen den eskizofrenia garatzeko arriskuaren hazkundean esku hartzen duten molekula eskalako mekanismoak. Zehazki, ikerketa taldeak THCrekin kronikoki tratatutako saguen burmuin geruzako neuronetan gertatzen diren alterazioak deskubritu ditu; THC kalamuaren osagai psikoaktibo nagusia da.

Ikerketak bideak ireki ditu prebentzio estrategiak sortzeko eta eskizofreniak jotako pertsonen bizitza hobetzeko farmako zein terapiak diseinatzeko. Lana "Neuropsychopharmacology" aldizkarian argitaratu da (www.nature.com/npp).

Leyre Urigüen ikertzaileak zuzendu du ikerketa, eta Inés Ibarra-Lecue, Irene Mollinedo, Luis F. Callado, Javier Meana eta Rebeca Diez-Alarciak parte hartu dute. Guztiak EHUko ikertzaileak dira, eta CIBERSAM elkarteari atxikiak.

Bada, ikerketan, nerabezaroan THC kronikoki ematen hasi zitzaien saguen burmuinak aztertu dira. Izan ere, nerabezaroa haien burmuinaren garapenerako epe erabakigarria da, eta bat dator pertsonen nerabezaroarekin.

Sagu horien burmuin geruza aztertzean, ikertzaileek 2A serotonina errezeptorearen alterazioak detektatu dituzte, eta hori da, hain zuzen, psikosia eta eskizofreniako eldarnio bereziak eragiten dituena nagusiki. Zehazki, ikerketa taldeak aurkitu du eldarniorako joeradun errezeptore horrek bere funtzionaltasuna areagotu egiten duela kalamu bidezko tratamendu kronikoaren ondoren. Gainera, hiperfuntzionalitate hori gertatzen den bidea deskribatu du.

"2A serotonina errezeptorearen hiperaktibitate horren deskribapena, lehendabiziko aldiz burmuineko molekula mailan detektatua, lehen urrats bat da beste eremu batzuk ikertzeko. Azken helburua da kalamua kontsumitzen duten pertsonen molekuletan antzeko aldaketak ote dauden identifikatzea, psikosia edo eskizofrenia sortzeko arriskuari lotu ahal izateko, baita eskizofreniak jotako pazienteen sintomatologia hobetzen duten farmako berriak sortzea ere", Urigüen doktoreak azaldu duenez.

IKERKETA PROZESUA

Azterketa egiteko, ikertzaileek animalien jokabide teknikak erabili dituzte eta, ondoren, proteina eta errezeptoreen kopurua zehaztu. Jokabide teknikek erakutsi zuten "nerabezaroan" kalamuz tratatutako saguek bazutela jokabide psikotikoak garatzeko joera, kontrol animalien aldean.

Hurrengo pausoan, ikerketa taldeak 2A serotonina errezeptorea markatu eta aztertu zuen, eta jokabide psikotikoak izateko arriskua areagotu zezakeen seinaleztapen bidea identifikatu zuen.

Lana egin duen ikerketa taldea EHUko Neuropsikofarmakologia taldekoa da, Farmakologia Sailari atxikia eta CIBERSAMen sartua, eta egun Javier Meanak zuzentzen du. Bere lan ildoak bideratzen dira lankidetzan oinarritutako ikerketak egitera, translazio ikuspegi batez, ikerketa klinikoaren eta oinarrizkoaren arteko harremanak estutuz.

Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa (CIBER) Carlos III.a Osasun Institutuaren mendeko partzuergo bat da (Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa), eta FEDER funtsekin batera dago finantzatuta.