Kalean da 'Erlea' aldizkariaren zortzigarren zenbakia

Atxagak eta Urrutiak aurkeztu dute 'Erlea 8'
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 26 marzo 2015 16:24

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak sustatzen duen eta Bernardo Atxagak zuzentzen duen 'Erlea' aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Zortzigarren zenbakia da eta, besteren artean, Iparraldeko sortzaileak, Nafarroako koloreak, erleak edota autore berri-berriak bildu ditu.

   Atxagak aurkezpenean aitortu duenez, Euskaltzaindiaren asmoa hamar zenbaki ateratzea da. Idazlearen hitzetan, "hamar aleak ditugunean, 1.300 orrialde inguru izango ditugu; horiek lagin bat izango dira, urrezko lagin bat, XXI. mendearen hasieran euskal literatura zertan den erakutsiko duena. Hamar ale horiek, denak batera ikusten ditut nik, liburu bat balira bezala, eta etorkizunean irakurriko dutenak harro sentituko dira".

   Bernardo Atxagarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkeztu du aldizkaria. Urrutiaren hitzetan, "oso zenbaki osoa da". "Zenbakiz zenbaki gero eta gorago doa aldizkaria", gaineratu du.

   Zortzigarren zenbakiaren "mamiak" aipatu ditu Atxagak. Hasteko, Iparraldeko autoreen ahotsek aldizkarian hartzen duten protagonismoa nabarmendu du. "Iparraldeko egileak eta euskara mota bat erabiltzen duten autoreak hona ekartzea oso inportantea da eta horien testigantzek zentzu berezi bat hartu dute kasu honetan", azaldu du.

   Izan ere, 'Erlea 8'-ren gaietako bat Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian da. Lekukotasun horiei esker, besteak beste, nazismoaren konplexutasuna Ipar Euskal Herrian aztertzen da, eta sakontasuna ematen zaio aldizkariaren edukiari.

   Nafarroako egileen presentzia ere azpimarratu du Atxagak, baita poesiak eta fikzioak aldizkarian hartzen duten lekua ere. "Oso testu onak atera ditugu", aldarrikatu du. Julian Zabalbeascoa egile iparramerikarraren kasua nabarmendu du: "Gernika" izeneko ipuina argitara ematen da aldizkarian, 2014ko deialdian AEBetako Glimmer Train Very Short Fiction lehiaketaren lehenengo saria irabazi zuen ipuina; 40.000 lanen artean irabazle suertatu zen lana euskarara ekarri eta 'Erlea'-n argitaratu da.

   'Glimmer Train' aldizkariak lehen argitalpenaren eskubideak erosten baditu ere, kasu honetan euskaraz ingelesez baino lehenago argitaratu da, "egilearen eskaerari erantzunez", eta horrek "poztasun berezia" eman dio Atxagari.

PARTE HARTZAILEAK

   'Erlea' aldizkariaren zortzigarren zenbakian parte hartzen duten egileak honako hauek dira: Iñigo Astiz, Arantxa Iturbe, Miel A. Elustondo, Joxemari Iturralde, Josu Chueca, Eneko Bidegain, Jabier Kaltzakorta, Janbattitt Dirassar, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Julian Zabalbeascoa, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Grégoire Joannateguy, Jon Kortazar, Uxue Apaolaza, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Joseba Luzuriaga, Irati Elorrieta, Amaia Oleaga eta Xabier Kintana.

   Argazkiak eta ilustrazioak Miel A. Elustondok, J.A. Azpilikuetak eta Jose Ramón Urtasunek egin dituzte. Horiek guztiak aipatu ditu aurkezpenean Bernardo Atxagak, eta "oso pozik nago" esan du behin baino gehiagotan.

   Artikulu, ipuin eta olerkiak idazten dituzten autoreez gain, aldizkariaren orrietan hizpide diren beste sortzaile eta eragile aipatu ditu Atxagak: Gabriel Aresti; Florentino Goikoetxea, "heroi bat", Comète Sarean laguntzen aritu zen mugalari hernaniarra; Jean Elissalde; Gerhard Bähr; Lewis Carroll eta bere Alice, 150 urte bete dituen pertsonaia unibertsala.

   Era guztietako gorabeherak tartean, aldizkariaren zazpigarren zenbakia kaleratu zenetik zortzigarren zenbakiak argia ikusi duen arte denbora luzea igaro bada ere, hurrengo zenbakia azaroan argitaratuko dela agindu du Atxagak, eta gai nagusiak ere aurreratu ditu: frontoiak eta astronautak. "Hurrengoa ere, ale berezia izango dela uste dut", esan du.